Hastera doa bidea. Hezkuntza legea adosteko prozesua hasiko du irailean bertan Eusko Jaurlaritzak. Aurreko legealdian hartu-emanak izan zituzten Cristina Uriarte sailburuak eta hezkuntzako eragileek. Hilabetea amaitu aurretik bilerara deituko dituzte eragileak, eta gobernuaren asmoa da bost lantaldetan hizketan hastea. Hauek dira: bizikidetza, hizkuntzak, ebaluazioa eta berrikuntza, hezkuntzaren modernizazioa, eta ikastetxeen autonomia. «Lankidetzan» egin nahi dute eztabaida prozesu hori. Behin lantalde horietan hausnarketa eginda, Euskadiko Eskola Kontseiluaren eskuetan utziko dute, eta Eusko Legebiltzarraren gain geratuko da ondoren. Finean, hari baitagokio legea taxutzea, alderdi politikoei.
Ikasleak egunotan ari dira eskolatzen, eta ikasturte hasierako ekitaldia egin zuen atzo Jaurlaritzak Gasteizko Angel Ganivet eskola publikoan. Ikasle kopurua iazkoaren parekoa da aurtengo ikasturtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina beheranzkoa ageri da Haur Hezkuntzan, jaiotza tasa dela eta. Hizkuntza ereduei dagokienez, D eredua gora egiten ari da —ikasleen %66 ditu—.
Hezkuntza legearena du agintaldiko erronka nagusia Uriartek. Aurreko agintaldian abiatu zuen Heziberri prozesua; lehen bi pausoak egin dituzte —eredu pedagogikoa taxutzea eta curriculumak egitea—, eta hirugarrena falta da, legea adostea. Jaurlaritzaren gobernu itunean ere jasoa dago gaia.
Lan gatazka betean
Sailburuak nabarmendu du aldaketa garaian sartu dela hezkuntza, eta aldaketen aurrean «egoki kokatzeko» adostasuna behar dela. «Akordioa bultzatu behar dugu. Kalkulu politikoek ez lukete lekurik eduki beharko hemen. Asko daukagu jokoan». Hortaz, «guztien lankidetza» eskatu du.
Gatazka betean dator ikasturtea, baina. Gehiengoa duten hiru sindikatuek —ELA, LAB eta Steilas— mobilizazioetara deitua dute hezkuntza publikoan, lan baldintzak salatzeko. Azaroan lau egunetan greba egingo dute; lau arlotan ari dira protestan —irakasleak, sukaldariak eta garbitzaileak, heziketa berezia eta Haurreskolak—, eta bakoitzean egun batean joko dute grebara. Abenduaren 12an, lau arloetan deituko dute grebara.
Uriartek adierazi du hezkuntza legea adosteko bidean parte hartzea eskainiko diela sindikatuei. «Eta parte hartzea espero dut». Ez dago ados, hala ere, haien jarrerarekin: «errealitatetik urrun dauden mezu alarmistak» zabaltzen ari dira, Uriarteren esanetan. Espainiako datuekin alderatu du egoera, argudiatzeko han baino lan baldintza hobeak eta inbertsio handiagoa dituztela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoan. Nabarmendu du, hala, protestak ez daudela «justifikatuta».
Irakasleen lan egoera dela eta, egonkortasuna handitzea jarri du helburu —Jaurlaritzaren arabera, langileen %27 daude behin-behinean; sindikatuen arabera, %38—. Datu horiek hobetu nahi dituztela esan du sailburuak, eta urtero antolatuko dituztela lan eskaintzak, betiere lege mugez ohartarazita.
Ekitaldi atarian protesta egin zuten «segregazioa» salatzeko. EH Bilduk negoziazioa eskatu dio Uriarteri, eta murrizketak uzteko.
Irailean bertan hasiko du Uriartek hezkuntza legea egiteko negoziazio bidea
Hezkuntzako eragileak bilerara deituko dituzte, eta bost lantaldetan hasiko dira hizketan. Ondorioak Eskola Kontseiluaren esku utziko dituzte. Dokumentua legebiltzarrera joango da, han legea egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu