1975eko udazkenean, Francisco Franco diktadorea hiltzear zela, erregimenak Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi fusilatu zituen. Mende erdi geroago, Sortuk frankismoak ondo lotutako korapilo hura askatzeko abagunea dela aldarrikatu nahi du. Hala, fusilamenduen urteurrenean, irailaren 27an, nazio ekitaldi bat egingo du Iruñeko Anaitasuna pabiloian. «Herria altxarazi eta hari itxaropena eman zion Txiki eta Otaegiren belaunaldi haren eta ondorengoen oinordekook, gure askapen borroka eta konpromisoa dugu ospatzeko», azpimarratu dute Sortuko Lur Albizuk eta Kizkitza Gil de San Vicentek, ekitaldiaren aurkezpenean.
Anaitasuna pabiloian egingo dute ekitaldi hori, eta han bertan azaldu dituzte xehetasunak. Garai politiko hura gogora ekarri dute, eta Lur Albizu Sortuko Nafarroako koordinatzailearen esanetan, Txiki eta Otaegiren fusilamenduak «Euskal Herriaren askatasun egarria itotzeko helburua zuten». Francoren heriotzari trantsizio delakoak jarraitu zion, eta, Albizuren iritziz, hark «transakzio bat baino ez zuen ekarri»: Francok Juan Carlos Borboikoa oinordeko hautatu zuen, kasurako. Diktadoreak ondo lotuta utzi nahi izan zuen eredu hura haustearen alde egin zuten askok garai hartan Euskal Herrian.
Sorturen ustez, diktadurak utzitako soka horiek «oraindik ere agerikoak dira Estatuko hainbat aparatutan. Hala, duela mende erdiko garai hura azaltzeko ikuspegiak alderatu nahi ditu. «Espainiako Gobernuak erreforma edo trantsizio gisa saldutakoa aldarrikatzeko baliatuko du 50. urteurrena». Aldiz, ezker abertzaleak egindako apustu hari atxiki nahi zaio: «Gaur egun ere ezinbesteko dugu haustura. Bide horretan frankismoak ondo lotuta utzitako korapilo hori askatzeko abagunea dugu».
Hala, Euskal Herriaren nazio aitortza eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko baliatuko dute Anaitasunako ekitaldi politikoa. Esanahi kontrajarria duten hitzekin jolas eginez, Askatzera lotuak da ekitaldiko leloa. Azken mende erdian irailaren 27a egun berezia izaki, egun horren iruditeria berritu nahi izan dute, eta, horretarako, aurten Sahats Jauregi artistak sortutako kartel batek iragarriko du ekitaldia.

Jauregik Askatzera lotuak leloari tiraka egin du obra. Hitz horiek metalaren eta sokaren bidez osatzeko ariketa egin du, mugimendua eta idazketa prozesua agerian jarriz. «Ez da pieza trinko bat, moldagarria baizik, eta hainbat forma har ditzake», esan du Albizuk. Haren ustez, obra horrek islatu dezake euskal nazio askapen mugimendua, «bizirik eta mugimenduan, egokitzeko eta moldatzeko gaitasunarekin».
Ilusio eta indar hori bildu nahi dute irailaren 27ko ekitaldian, eta hainbat belaunalditako kideak elkartu nahi dituzte. Oraindik ere sei hilabete inguru geratzen badira ere, dei egin diete euskal herritarrei data hori kontuan hartu eta bertaratzera.