2016ko apirilean protesta egin zuten Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusean (Bizkaia), eta horietako bost atxilo hartu zituzten. Orain, auzipetuek jakinarazi dute haien aurkako epaiketak baduela data: irailaren 27a. Ohar batean, auzipetuek gogora ekarri dituzte haien aurkako zigor eskaerak: guztira 41,5 urteko kartzela zigorrak eta 45.000 euroko isuna. Auzipetuetako birentzat hamazazpi urteko zigorra eskatu du fiskalak.
«Zazpi urte luzeren ostean astakeria honek aurrera jarraitzen du», adierazi dute bostek: «Larritasunez bizi dugu protesta sozialaren aurrean estatuen autoritarismoaren gorakada eta langileon eskubide politikoen murrizketa». Horien iritziz, militantzia politikoa «gero eta jasanezinago egitea bilatzen dute, krisi testuinguruak protesta eta militantzia gero eta beharrezkoagoa egiten duen momentuan».
Euren kasuan, EHUren erantzukizuna «zuzena» dela uste dute: «Unibertsitate publiko batek izan beharko lukeen askatasun politikoen bermea errotik mozten dute. 2016tik hona, egoera ez da hobetu, ikasle mugimenduak salatzen jarraitzen du gaur egun ere EHUren autoritarismoa». Testuinguru horretan, gogora ekarri dute 34 ikasleri espedientea irekitzekoak direla, 2022ko martxoan eginiko grebaren harira.