Iñaki Imazen kontrako euroagindua ez du aztertuko Paueko Auzitegiak irailaren 11ra arte. Atzo goizean izan zen lehen hitzordua, baina, kasuaren dokumentazioa auzitegira iritsi gabe zegoela ikusirik, auzi saioa atzeratzea erabaki zuten. Iñaki Imaz Munduate donostiarra herenegun goizean atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Hendaian, auto batean emaztearekin eta haurrarekin zihoala. Ordu batzuk geroago, arratsaldean, Paueko Auzitegiak aske utzi zuen, kontrol neuri batzuk jarrita.
Frantziako legeriaren arabera, euroagindu baten bidez pertsona bat entregatzeko prozesuetan auzitegian bost eguneko epean agerraldi bat egon behar du derrigorrez. Horregatik, ohikoa izaten da lehen agerraldian dokumentazioa falta izatea eta auzia atzeratu behar izatea.
Imaz atxilotu ondoren Espainiako Barne Ministerioak prentsa ohar baten bidez hainbat akusazio zabaldu bazituen ere, Paueko Auzitegiko Fiskaltzak ez zuen beharrezkotzat jo atxilotua espetxeratzea euroagindua aztertu artean. Astean bi aldiz aurkeztu beharra ezarri zion Paueko auzitegiak. Maritxu Paulus Basurko Imazen abokatuaren ustez, ez espetxeratzeko erabakia logikoa da, bere bezeroak lana eta familia dituelako eta Urruñan bizi delako.
Atxiloketari buruzko prentsa oharrean Espainiako Barne Ministerioak Segiko kide izatea, ETAren komando baten laguntzaile izatea eta aparatu politikoaren barruan egotea egotzi zion astelehenean. Halaber, jakinarazi zuen Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren gehien bilatutakoen zerrendan zegoela, eta azken hilabeteetan Irlandan era klandestinoan bizi izana leporatu zion. Irlandako kontuari buruz galdetuta, Paulus Basurko abokatuak «ergelkeriak» direla erantzun dio Efe agentziari.
Irailaren 11ra arte atzeratu dute Iñaki Imazen euroaginduaren azterketa
Auzitegi Nazionalak egindako eskaeraren dokumentazioa ez zen iritsi atzo goizean Paueko Auzitegira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu