Iragarri dute aurten ere ospatuko dutela Baztandarren Biltzarra

Besta uztailaren 16an izanen da, Elizondon. Talde berri bat arduratuko da hura antolatzeaz

Baztandarren Biltzarra, Elizondon, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Aurten ere Baztandarren Biltzarra eginen dela adierazi dute jaiaren antolatzaileek: «Azken hilabeteotan, baztandarrok momentu gazia bizi izan dugu, baina, orain arte kide zirenekin eta kide berri anitzekin, ilusioa eta gogoa ardatz dituen talde polita osatu dugu». Atzo eman zuten albistearen berri, Elizondon (Nafarroa). Urtarrilean, jaia antolatzeaz arduratzen zen taldeak iragarri zuen ardura hori utziko zuela. «Haientzat ez zen erabaki samurra izan; aitzinetik kide izan ziren guztientzat bezala, haientzat ere, Baztandarren Biltzarra, besta izateaz gain, sentimendu berezia zen», erran dute prentsaurrekoan. Antolatzaileek, baina, erabaki hori hartu zuten ziklo bat ixteko garaia zela uste zutelako, eta beraiek denbora luzez aritu zirelako lan horretan.

Erabaki horren ondorioz baztandar anitzek beren «nortasunaren zati handi bat» galdu izana sentitzen zutela adierazi dute agerraldian. Hortaz, talde berriak «ilusioz» hasi du bidea, uztailaren 16an eginen duten jaia antolatzeko: «Talde askotarikoa osatzen dugu, eta ziur gaude aurten ere Baztandarren Biltzarra ederki loratuko dela». Aurtengoa, gainera, data berezia da, festaren 60. urteurrena baita: «1963an, Aralarrera egindako ateraldi batean, zenbait baztandarrek Baztandarren Biltzarra bestaren hazia erein zuten Aralarko kaskoan. Ilusioz ereindako hazia izan zen, auzolana, euskara eta baztandarron elkartasuna ardatz zituelarik».

Geroztik, hainbat oztopo gainditu behar izan dituen arren, urtero «loratutako» besta bat izan da Baztandarren Biltzarra. 1986an, adibidez, jaia bertan behera gelditu zen, eta 2020an eta 2021ean ere bai. Hala ere, besta zaintzea lortu dutela nabarmendu dute, eta baztandarrek «zimeltzen utzi ezin» duten landarea dela. Izan ere, antolatzaileen iritziz, «Euskal Herri osoko folklorearen erreferentzia eta topagune erraldoi bihurtu da».

Laguntza

Baztandarrei erran diete uztailaren 16rako baserritar jantziei «hautsak kentzen» hasteko, beren orgetarako ideiak prestatzeko, eta jarraitzeko Baztanen euskaraz «barra-barra solastatzen», Baztandarren Biltzarraren gisako «auzolan erraldoi bat» ez delako itzaliko. Hala ere, nabarmendu dute besta aurten ospatuko den arren beharrezkoa dela urtero kide berriak sartzea taldera, «elkartea bizirik mantentzeko eta orain arte Baztandarren Biltzarraren gidaritzan egon diren horiek hartu behar izan zuten erabakia ez hartzeko». Baztandar guztiei eskatu diete besta antolatzen laguntzeko: «Gu motorra izanen gara, baina boluntarioen eta Baztango hamabortz herrien laguntza ezinbertzekoa da besta hau behar bezala ospatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.