Iragarki instituzionalak jasotzeko bidea itxi die Maiak euskal hedabideei

EH Bilduk eta Geroa Baik gaitzetsi dute «euskarazko komunikabide guztiak kanpoan utzi» nahi izan dituela. Hekimenek salatu du udalak ez duela asmorik euskaldunen hizkuntz eskubideak errespetatzeko

Enrique Maia Iruñeko alkatea, udaletxean. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Hedabideen artean iragarki instituzionala banatzeko irizpidea aldatu du Iruñeko Udalak. Enrique Maiaren udal gobernuak ezarri du komunikabideek gutxienez %10eko audientzia izan behar dutela publizitateko dirua jaso ahal izateko. Alabaina, Iruñean euskaldunen %10,5 dagoenez, ezinezkoa da euskal hedabideek banaketa horretan parte hartzea, irizpide horrek ia-ia iruindar guztiengana iristea eskatzen baitie. Horregatik, Hekimen elkarteak gaitzetsi du euskarazko komunikabideek bete ezin duten baldintza bat ezarri duela udalak, «beren audientzia osoarengana iritsi behar bailukete». Argudio bera erabili dute EH Bildu eta Geroa Bai udal taldeek, eta neurria kritikatu dute.

Iruñeko Udalak herenegun jakinarazi zuen aurten 600.000 euro banatuko direla publizitate instituzionalaren arloan. Nabarmendu zuen aurrekontua %25 murriztuko dela. Iaz euskarazko sei hedabidetan banatu zuten iragarki instituzionala —tartean Nafarroako Hitza astekaria—, eta, ondorioz, murrizketa, batik bat, komunikabide horien lepotik egingo da. Aurten, prentsan, Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietan jarriko dituzte iragarkiak, baita euren atari digitaletan eta navarra.com agerkari eskuindarrean ere; ikus-entzunezkoen artean, Ser, Cope eta Navarra TVk izango dute udalaren jarduerak iragartzeko aukera. Udalaren arabera, ezarritako irizpideak «neurgarriak» dira.

Helegitearen aukera

EH Bilduren irudiko, udalak «formula tranpatia» erabili du.Izan ere, gogora ekarri duenez, iaz publizitate instituzionala izan zuten euskal hedabideak %100eko irismena izatera behartu nahi izan ditu Enrique Maiaren udalak. Koalizio abertzalearen irudiko, irizpide aldaketa «zentzugabekeria» bat da, «hedabide horien erabiltzaile euskaldunei udalaren informazioa helarazteko arduraren aurrean utzikeria larriz jokatzen duelako». EH Bilduren iritziz, «erabat onartezina» da eskuineko udal gobernuak gastu publikoarekin egiten duen «erabilera politikoa».

Geroa Bairen irudiko, «berriro ere Navarra Suma koalizioak ez du aintzat hartu Iruñeko hizkuntz aniztasuna, eta euskara mespretxatu egin du». Koalizioak salatu du euskarazko hedabide guztiak iragarki instituzionalen kontratuetatik kanpo utzi nahi izan dituela. «Beste atzerapauso bat da; iraganera itzularazi nahi gaituzte, Europako erakundeetatik ematen dituzten aholku ororen aurka jokatuz».

Izan ere, ez da tankera horretako neurria hartzen duten lehen aldia, aurreko legealdian euskararen arloan hartu ziren erabakietan atzerantz ari baita Iruñeko Udala. Azaroan, kasurako, euskararen ordenantzan aldaketa handiak ezarri zituen.

Hekimen euskal hedabideen elkarteak salatu du udal gobernuak ez duela jaso inolako hizkuntza irizpiderik: «Agerian uzten du ez duela inolako asmorik bertako euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzeko, eta, era berean, argi erakusten du erabat arrotz zaiola euskararen normalizazio prozesuan euskarazko hedabideek betetzen duten funtzio garrantzitsua». Elkartearen irudiko, hedabideei gutxieneko audientzia bat eskatzea edo balorazioan gai horri puntuen %75 eskaintzea «trikimailu bat da» euskarazko hedabideak lizitaziotik at uzteko. Horrez gain, kezka agertu du Nafarroako Gobernuak ikus-entzunezko ekoizpena laguntzeko argitaratu duen laguntza deialdian egin dituen aldaketengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.