Hasi aurretik zeukan begi bat iraganean jarrita EAEko Legebiltzarra osatzera bideratutako hauteskunde-kanpainak. Hasi aurretik, batez ere, zeren eta lehia ofizialki hasten denean ezinbestekoa baita gai zehatzen morrontzari men egitea eta etorkizunerako proposamenei dagokien tartea eskaintzea. Programaz aritzerakoan ere, baina, ordainarazten du bidesaria aspalditxo joanak diren urteekiko dugun mendekotasunak.
Hautagaien arteko hauteskunde-eztabaiden hasierarekin batera —bart egin zen lehena, lehiaren buruan dauden bi hautagaien esku-hartzerik gabe— kanpaina gaur egungo eta, batez ere, etorkizuneko kontuetan murgilduko zela pentsa zitekeen arren, hauteskunde-egutegiarekiko lotura zuzenik gabeko gertaera triste batek ekarri du atzera iragana lerroburuetara: Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiaren heriotzak.
Ardanzaren lidergo politikoari eta haren ardurapeko gobernuek hartu zituzten erabakiei buruzko balorazioek ez dute zertan bat etorri, horixe du bereizgarri eta funts iritzi-aniztasunak. Edonola ere, ez luke kontraesanik egon behar horren eta Iñigo Urkullu lehendakariak Ardanza zenarentzat eskatu duen «errespetu eta aitortza»-ren artean. Bateragarriak dira erabat. Edo izan beharko lukete. Era berean, lehendakaritzara ezustean iritsi ostean karguan hamalau urte eman zituen politikariaren heriotzak eragin duen memoria-ariketa abiapuntu hartuta, posible ote litzateke bateragarri bilakatzea pertsona jakin baten ekarpena nabarmentzeko ahalegina eta iraganari begirada partekatua luzatzeko saioa?
Badakigu zein den, oraingoz, erantzun posible bakarra. Egunen batean bestelakoa izatekotan, esango nuke askoren artean banatuko liratekeela onurak. Hauteskunde-kanpainek, hautagaiek eta hautesleek ere nozituko lituzkete, jakina, alde onak: arinagoa izango litzateke iraganaren zama, eta askoz ere indartsuagoa etorkizunaren erakarmena. Izan ere, atsotitzak dio aldi joana ez dela itzultzen, baina horretarako joana behar du. Ahal dela, bakean.