13/13 auzia. Epaiketaren atarian

Iragana mehatxu bilakatzen denean

Uztailaren 12an hasiko da 13/13 sumarioko auzipetuen epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Eragile askok «denboraz eta lekuz kanpokotzat» eta iraganera itzultzeko saiotzat jo dute

Auzipetuek, zenbait herritarrek lagunduta, joan den ekainaren 14an Bilbon egindako agerraldia. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Uztailaren 12an, Espainiako Auzitegi Nazionalak zortzi euskal herritar epaituko ditu, ETArekin lotura izan zutelakoan eta 2010ean egindako polizia operazio batean oinarrituta. Garai batean, horrelako epaiketak oso ohikoak izan ziren: 18/98 auziak, Bateragune izenekoak, Haika eta Segi gazte erakundeen aurka abiarazitakoak eta beste batzuek asko baldintzatu zuten egoera politikoa, dozenaka auzipeturi espetxe zigor gogorrak ekartzeaz gain. 13/13 sumarioa ere esparru horretakoa da, baina badu berezitasun garrantzitsu bat: epaiketa 2021eko udan iritsiko da, hots, sarekada izan zenetik 11 urtera, eta ETAk bere jarduna amaitu zuenetik hamar urte igaro direnean.

Eragile askok salatu dute epaiketa «denboraz eta lekuz kanpo» dagoela, eta ez dute ulertzen nola den posible fiskaltzak Dena da ETA goiburua iparrorratz gisa erabiltzen zuen garaiko akusazio eta eskaerak egin izana. Orotara, 77 espetxe urte eskatzen dituzte zortzi auzipetuentzat.

2010eko apirilaren 14an izan zen polizia operazioa, gaur egun Espainiako Barne ministro den Fernando Grande-Marlaskak agindutakoa. Euskal presoen abokatuak eta, oro har, presoen babeserako sarean aritzen zirenak izan ziren operazio haren jomuga. Hamar lagun atxilotu zituzten Bizkaian eta Gipuzkoan: Arantxa Zulueta, Iker Sarriegi eta Jon Enparantza abokatuak; Naia Zurriarain, abokatuen Bilboko bulegoan lan egiten zuena; Saioa Agirre, Etxerat elkarteko bozeramaile aritutakoa; Asier Etxabe, Juan Mari Jauregi, Erramun Landa, Jose Luis Gallastegi eta Domingo Aizpurua.

Horietatik lehenengo bostak espetxean sartu zituzten Grande-Marlaskaren aginduz. Besteak libre utzi zituzten; Etxabe eta Jauregi, bermea ordainduta. ETAko kide izatea edo hari laguntzea eta ETAren eta presoen artean «zubi lana» egitea leporatu zien epaileak. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako auzian epaitu eta zigortutako zenbait pertsonaren izenak ere aipatzen zituen Grande-Markaslak autoan.

Torturaren arrastoa

Hiru abokatuek adierazi zuten oro har «tratu zuzena» jaso zutela, Enparantzak legez kanpoko galdeketa eta presioak jaso izana salatu bazuen ere. Baina beste sei atxilotuk tortura bortitzak pairatu zituztela esan zuten: kolpeak, zaplaztekoak, ariketa fisikoak, poltsa, deskarga elektrikoak emateko imintzioak eta, emakumezkoen kasuan, biluzarazi eta ukituak eta sexu erasoak egitea.

Operazio hura irregulartasunez beterik egon zen. Alderik ezagunena, seguru asko, Guardia Zibilaren txostenari buruzkoa izan zen. Atxiloketak egiten ari ziren bitartean, guardia zibiletako batek hamasei orrialdeko barne txostena galdu zuen miatu zituzten lekuetako batean. Operazioaren diseinua agertzen zen txosten hartan: lana nola banatuko zen guardia zibilen taldeen artean, talde bakoitzak nor atxilotu behar zuen eta abar.

Hilabete eta erdi geroago, BERRIAk txostena eskuratu zuen, eta horren edukia argitaratu zuen. Informazioan jasotzen zenez, aginduetako bat atxilotuei eman beharreko tratuari buruzkoa zen. Txostenean argi azaltzen zen hiru abokatuek «tratu bikaina» jaso behar zutela; gainerako atxilotuen inguruan, zehazten da tratu ona eman behar zietela «miaketen aurretik»; txostenak ez dakar ezer miaketen ostean jasoko zuten tratuaz, eta, beraz, ondorioztatzen da haiekin ohiko prozedura erabili behar zutela.

Guardia zibilek hitzez hitz bete zuten txostenean agindutakoa. Atxilotutako abokatuei ez zieten tratu txarrik eman, eta, Enparantzak adierazitakoaren arabera, bazirudien kezka berezia zutela atxilotu horien osasun egoeraz. Gainerakoek ere tratu zuzena jaso zuten miaketek iraun zuten bitartean; ezin gauza bera esan horren ostean gertatutakoaz. Beste aldetik, atxilotu batzuei «tratu bikaina» emateko agindu beharra eta besteen «ohiko tratua» zertan gauzatu zen ikustea oso adierazgarriak dira torturaren garai hartako errealitateaz. Askoren begietara, galdutako txosten hura torturaren nahi gabeko aitortza bilakatu zen.

Baina hura ez zen txostenean ageri zen irregulartasun bakarra. Han zehazten zen galdeketek «akusazio judizialak berretsiko zituen adierazpenen bat» lortzera bideratuta egon behar zutela; ez da hori legeak agintzen duena. Gainera, txostenetik ondorioztatzen da galdeketetarako talde bereziak antolatzen zituztela, eta jokabide hori ere galarazten du legeak. Seguru asko, afera horiek guztiek zer esan ugari emango dute epaiketan.

Lobbyaren eragina

Aspaldi honetan eragile asko ari dira konponbidearen aurkako lobbya esamoldea erabiltzen, jarduera politikoaren normalizazioa oztopatu eta gainditutako egoeretara bueltatzeko ahaleginak egiten dituzten sektoreak izendatzeko.

Orain arte, Espainiako Auzitegi Nazionaleko zenbait epaile eta fiskal nabarmendu dira konponbidearen aurkako lobby horretan, Guardia Zibilarekin, biktimen elkarte batzuekin eta beste zenbait eragilerekin batera. 13/13 auzi honetan begien bistakoa da sektore horien eragina: uztailaren 12an hasiko den epaiketan, AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek egingo dute akusazio partikularra; fiskala Jose Perals izango da, Altsasuko auziko berbera, eta epaimahaia Angela Murillok zuzenduko du, Bateragune auziko eta beste auzi batzuetako epaile nagusi izandakoak.

Auzipetuek azaldu dute prest daudela fiskaltzarekin akordio bat lortzeko, 11/13 auzian gertatu zen bezala, «gure herria egiten ari den apustu politikoaren bidetik traba hau kentzekobalio badu». Beste aldean pareko borondaterik aurkituko ote duten: hori da uztailaren 12tik aurrera argituko den zalantza.

Bihar manifestazioak egingo dituzte 12:00etan, Bilboko Jesusen Bihotza plazatik eta Donostiako Saguestik abiatuta, 13/13 auziaren kontra. LABek babesa eman die mobilizazioei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.