Geure etxe bat sortu nahi bada/ geure zoru, geure sabai/ izan gaitezen lekuko hori/ hartu ta eramateko gai». Hitz horiekin borobildu du Jokin Uranga bertsolariak Euskal Errepublikaren Eguneko aldarrikapena. Naziogintza taldeak deituta, dozenaka herritar batu ziren atzo Azpeitian (Gipuzkoa), 1931n Euskal Herriko zenbait udalek euskal errepublikaren alde onartutako mozioak gogoratzeko, eta nahi hura XXI. mendera egokitzeko.
«Aitzindari haien ohorez eta omenez, eta gure egungo nahiekiko zintzotasunez, euskal errepublikaren eguna antolatu dugu», azaldu zuen Xabier Euzkitze aurkezleak, San Agustin kulturguneko taula gainetik. Euskal Errepublika lortu arte lelopean egindako kalejiraren ostean izan zen hori.
Behin antzoki barruan, Euskal Herriaren independentziaren aldeko mezuek, eta abesti eta dantzek bat egin zuten bide berean. Kantujira taldeak jarri zuen goxotasuna, Oi ama Euskal Herri abestiarekin, eta Itsasi dantza taldeak astindu zuen hura ikurrin dantzarekin. Xabier Irujo Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendariak bidalitako mezuak kokatu zuen, berriz, eguneko aldarrikapena bere «testuinguru kronologiko eta historikoan», Frantziako iraultzatik hasi eta joan den mendera arteko bidea eginez. «Ezin dugu aurrera egin iraganera begiratu gabe, eta ezin dugu gure herri honen geroa eraiki ez bada euskal errepublika bat osatuz», adierazi zuen Maite Garmendiak, Irujoren hitzak bere eginez.
Ez Espainia, ez Frantzia
«Argi geratu da euskal errepublikaren aldeko aldarrikapen hau ez dela historiarik, funtsik eta zuztarrik gabea», esan zuen Euzkitzek, mezu hura eta Naziogintza taldeko kide Josu Alberoren hitzaldia entzun ostean. Azken horrek «euskal errepublika euskaldunaren» aldeko hitzak egin zituen, Espainiako eta Frantziako estatuetatik at aske izateko: «Ez Espainiako monarkia bananero eta ustelari, ez Frantziako Errepublika jakobino eta zentralistari. Euskal Herriak bere errepublika propioa behar du».
Eguneko protagonistak, baina, beste batzuk izan ziren. 1931ko udaberrian euskal errepublikaren eta Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko mozioa onartu zuten Azpeitiko zinegotziak. Haietako batzuen ondorengoak izan ziren haien omenez txaloak jaso dituztenak. Txaloak, aurreskua eta lore sorta bana.
Haien ardurapean geratu zenekitaldi amaiera ere. Kulturgunetik plazara aterata, ikurrina mastan gora altxatzeaz arduratu ziren, gainerakoek Txoria txori abestuz lagundu bitartean. Beste ereserki bat hautatu zuten amaitzeko. «Bai eta indarra ere zerorren lurrari eta bendizioa Euskal Herriari», izan ziren eguneko azken hitzak: Gernikako arbola.
Iragan luzeko aldarri bat eguneratzera
Naziogintza taldeak deituta, dozenaka lagun elkartu dira Azpeitian, Euskal Errepublikaren Eguna ospatzeko. 1931ko apirilean haren aldeko mozioa onartu zuten zinegotziak omendu dituzte ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu