Irabia-Izaga eskolaren ituna eteteko prozesua ere, epaileek trabatuta

Batxilergoko ituna etetea erabaki zuen Nafarroako Gobernuak, Opus Deiren ikastetxe horretan ikasleak sexuaren arabera bereizten dituztelako. Redin-Miravalles ikastetxearen aldeko ebazpenean emaniko argudioak hitzez hitz errepikatu ditu auzitegiak.

Irabia-Izaga ikastetxea, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 29a
11:15
Entzun

Iragan astean Redin-Miravalles ikastetxe erlijiosoaren auziarekin egin bezala, Opus Deiren beste eskola segregatzaile baten ituna eteteko prozesua «behin-behinean» geldiaraztea erabaki du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak: Iruñeko Irabia-Izaga ikastetxearena, hain zuzen. Ebazpen haren eta orain argitaratutakoaren artean apenas aldatzen den zentroaren izena, gainerako guztia hitzez hitz errepikatu baitute epaileek. Horren arabera, hezkuntza ituna eteteak «ondorio kuantitatibo eta kualitatibo oso nabarmenak» eraginen lizkioke eskolari, eta, «behin aplikatuta, oso zaila izanen litzateke atzera egitea, egiturazko ondorioak baitira».

Hala ere, gaurko ebazpenak, aurreko astekoak bezala, ez dio auziaren edukiari erreparatzen, formari baizik. Auzitegiak iragarri du «datozen hilabeteetan» helduko diola oinarrian dagoen gatazkari; alegia, ikasleak sexu bidez bereizten dituzten ikastetxeak diru publikoz finantzatu behar ote diren. Epaimahaiaren arabera, hezkuntzari dagozkionak «garrantzi sozial bereziko» auziak dira; «are gehiago babes berezia eskatzen duten alor subjektiboetan, hala nola ikasle adingabeei dagozkien kontuetan».

LOMLOEk zer dioen

Iragan urtarrilaren 27an, eta ikuskatze prozesu luze baten ostean, Irabia-Izaga eta Redin-Miravalles eskolen Batxilergoko ituna bertan behera uztea erabaki zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak. LOMLOE Espainiako Hezkuntza legea aplikatuta hartu zuten erabakia, arau horren arabera, ezin baitira diru publikoekin finantzatu ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten eskolak. Ituna kentzeko erabakiak Batxilergoko hitzarmenari soilik eragin zion, aurreko hezkuntza zikloetan —Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan— segregazioa «gradualki» bukatzeko prozedura adostua baitzuten ikastetxeetako zuzendaritza taldeek eta Hezkuntza Departamentuak. Batxilergoan, baina, ikasleak sexuka bereizten segitu zuten bi zentro horietan, eta gobernuak erabaki zuen ziklo horren finantzaketa publikoa etetea.

Erabaki horren aurka, helegitea aurkeztu zuten bai Redin-Miravallesko bai Irabia-Izagako guraso elkarteek, eta Nafarroako auzitegiak arrazoia eman die «behin-behinean». Hala ere, guraso elkarteei ohartarazi die berme finantzario bat aurkeztu beharko dutela, «hezkuntza itunak berekin dakarren laguntza publikoa adinako diru kopurua bermatzeko».

Ebazpen hau errekurritu daiteke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian bertan. Aurreko astean, helegitea jartzearen aurka azaldu zen Hezkuntza Departamentua, baina gaurko ebazpenean Nafarroako Auzitegiak kontrakoa jakinarazi du: alegia, gobernuak errekurtsoa jarriko diola Redin-Miravalles zentroari dagokion epaiari. Ikusgai da Hezkuntza Departamentuak auzibidera joko duen gaurko ebazpenaren kontra ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.