Irabazi Euskadi aurkeztu dute Ezker Anitza-IUk eta Equok

enekoitz esnaola
2014ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Hauteskunde marketan, behintzat, euskal panorama ere aldatuz doa. EAEko Ezker Anitza-IUk, Equok eta Alternativa Republicanak aurkeztu dute azken marka berria: Irabazi-Ganemos Euskadi. Datorren urteko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetara tokian-tokian izen horrekin herri plataformak sortu nahi dituzte.

«Ekimen sozial eta politikoa da Irabazi Euskadi», adierazi du Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusiak aurkezpenean, Bilbon. «Kapitalaren eta harekiko mendeko diren alderdien bloke politiko eta herritar alternatiboa eratu nahi dugu».

Aurten, Europako Legebiltzarrerako bozetan, EAEn Ezker Anitzak 42.182 boto lortu zituen (%5,64) eta Equok 11.752 (%1,57). Duela bi urte Eusko Legebiltzarrerakoetan, Ezker Anitzak 30.318 boto (%2,73) eta Equok 11.625 (%1,05), eta parlamentuan aulkirik gabe geratu ziren.

Equoko ordezkari Monika Monteagudok aitortu du, oraingoz, Irabazi Euskadik Bilbon eta Gasteizen baizik ez dituela taldeak. Bi alderdiek hitzeman dute «erretiratu» egingo direla «sustatzaile gehiago batzen direnean». «Bakoitzaren ñabardurak alboratuta, batasunerako espazioak bilatu nahi ditugu», esan du Saludek.

Bost emakume izan dira prentsaurrekoan: Monteagudo eta Saludez gain, Begoña Barrutia (Ezker Anitza-IU), Leire de Diego (Equo) eta Zoe Angulo (Alternativa Republicana).

Podemos? Ezkerra?

Ezker Anitzako arduradunak azaldu du EAEko Podemos-Ahal Dugurekin hartu-emanetan jarri direla, baina Lander Martinez Bizkaiko Podemoseko eledunak esan du ez dela kontakturik izan. «Gure kide batzuk Irabazi Euskadiren Bilboko bilera batera joan ziren aurreko astean, baina pertsonalki azaldu ziren, ez erakundea ordezkatu». Podemosek Bilbon Hika Ateneon egiten ditu bilerak, eta Irabazi Euskadik atzo hantxe egin zuen aurkezpena.

Izen aldetik ere bada saltsa. Bartzelonan Guanyems (Irabazi) sortu dute hainbat erakundek, Madrilen eta beste leku batzuetan ere bada Ganemos plataformarik... Podemosek udal bozetarako halako mugimenduen alde egin du, baina EAEn oraindik ez da sartu. «Plataforma hauek filosofia bera dute: herritarrei boterea itzultzea eta politika behetik gora egitea. Baina ez dute elkarren arteko loturarik», dio Podemoseko Martinezek.

Ezkerra mugimendu berriak —EB Ezker Batuaren txanda hartu du— elkarguneon alde egiten du, eta webean, bere sinadurarekin, Pablo Iglesias Podemoseko bozeramailearen aldeko mezu bat dauka —«Iglesiasen aurkako erasoak, ezker osoaren kontrako erasoak dira»—. EBko buru ohi Javier Madrazo Podemosen bileraren batean izan da.

EAEn 2009ko erkidegoko hauteskundeen ondotik etorri zen EB-Ezker Anitza baitako haustura. Auzitegietan da Ezker Batua markari buruzko auzia, ofizialki nork erabili ebazteko. Hasieran Bilboko Epaitegiak Madrazoren-eta Ezker Batuari eman zion arrazoia, ez Ezker Anitzari. Gero Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, Ezker Anitzari eman zion baimena —baina hark ez du izen hori erabili gehiago—, eta besteek helegitea aurkeztu zuten.

Madrazoren-eta ildoko Ezker Batuak 17.345 boz (%1,56) jaso zituen duela bi urte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.