Politika. Euskal alderdien fundazioak

Iparrorratz ideologikoak?

EAJ, Sortu, PSE, EA eta Aralarren fundazioek alderdiek baino patxada handiagoz eta beste ikuspegi bat izanda jorratu nahi dituzte euren ideologiako ardatz nagusiak. Gehienak berriak eta baliabide handirik gabeak dira.

BERRIA.
enekoitz esnaola
2014ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Sortuk ere badu fundazioa, otsailetik: Iratzar. Eta iparrorratza hautatu du ikur gisa. «Nondik gatozen oroitzeko, non gauden argitzeko eta bidea zuzen aukeratzeko». Fundazioaren eginbeharra, «orientazio kolektiboa» izango da, Floren Aoiz (47 urte, Tafalla) Iratzarreko zuzendariak dioen bezala.

Luzea da egitekoen zerrenda: ideiak, azterketak, hausnarketak, txostenak, hitzaldiak, jardunaldiak, mahai inguruak, argitalpenak, proposamenak, ikerketak, eztabaidak, ikastaroak, artxibategia, esperientzien sistematizazioa, trasmisioa... Pausoz pauso joan beharko.

Baliabideak behar baitira, «eta, alde horretatik, fundazio bat sortzeko ez da hau garairik onena», dio Aoizek. Oraindik ez dute 2014ko aurrekontua zehaztua.

EAren Alkartasuna fundazioak 55.200 euroko aurrekontua du aurtengo. Aralarren Ezkerraberrik, 50.000ekoa. PSEren Ramon Rubialek, 250.000ekoa. Hiru fundaziook euren alderdiaren baliabideak ere erabiltzen dituzte, ordea.

EAJren Sabino Aranak beste zifra batzuk ditu. Krisi garaiotan, ordea, ez dabil ederki kontuak koadratzen. 2012an, 345.000 euroko galerarekin amaitu zuen —joan den urteko aurrekontuak itxi gabe ditu—. Galeraren arrazoi nagusi gisa, instituzioetako laguntzen jaitsiera aipatu du Juan Mari Atutxa Sabino Aranako lehendakariak. 2012an 379.000 euroko laguntza publikoak zituzten; 2008an, 668.000koak. Baina dohaintzak ere asko murriztu zaizkie: 2008an baino 500.000 euro gutxiago jaso zituen hala 2012an. Orain sei urte 1,6 milioi euroko sarrerak zeuzkaten; duela bi urte, erdia. EAJren fundazioa da diru kontuak argitaratzen dituen euskal fundazio politiko bakarra.

Baina, baliabide horiek denak, gehiago ala gutxiago izan, zertarako dira? «Aralarren ildo politiko eta ideologikoa zabaltzeko da Ezkerraberri fundazioa. Jendea gure ikusmoldeetara arrimatzeko errazagoa da egitasmoak fundazio bidez antolatzea alderditikantolatzea baino», dio Maite Sarasua Ezkerraberriko lehendakariak. 2008an sortu zuten.

«Iratzarrek ikuspegiari ematen dio lehentasuna», azpimarratzen du Aoizek. «Bizi garen egoeran egunerokotasuna nagusitzen da politikagintzan. Beste begirada bat behar da. 'Ikuspegi estrategikoa' deitzen diogu guk».

Herri Batasunak ez zuen eduki fundaziorik, «asmoa izan arren», Aoizek kontatzen duenez, eta orain ikusi dute, duela urtebete Sortu eratu ondotik, halako tresna bat martxan jartzeko aukera. «Ezker abertzalea azken hamar urteetan legez kanpo eduki dute Espainiako auzitegiek, eta Sortu legezko izateak gauza batzuk izatea ahalbidetzen du; esate baterako, fundazio bat».

Independentzia

EAk 2004an sortu zuen berea. Alkartasuneko lehendakari Fernando Ibilzietak nabarmendu duenez, Euskal Herria nazio gisa sustatzea, haren autodeterminazio eskubidea edo garapenerako lankidetzaren aldeko ekimen sozialak bultzatzea dira euren helburuak. Azkenaldian, independentziaren proiektua indartzeko gogoetekin dabiltza. «Arlo ekonomikora» begira dabil Ibilzieta, «hor orain arte gutxitxo jorratu baita Euskal Herriaren independentziaren gaia». Modu zabalagoan planteatuta, Autogobernutik independentzia hitzaldi sorta antolatu zuten iaz. Zeanuri Behatokian sozioekonomiaz edo ingurumenaz ere mintzatu izan dira.

Iratzarrek ere independentzia du gorriz jarria bere «ikuspegi estrategikoan». «Zehaztapen handiagoz irudikatu behar dugu Euskal Herri independentea.Fundazioak ez gabiltza egunerokotasunean murgilduta. Hau da, eta errespetuz esanda, gu ez gabiltza hondakinen, presoen edo aurrekontuen gaiekin, eta patxadaz baina zehaztasunez irudikatu behar ditugu gauzak. Independentzia da ardatz bat, baina XXI. mendeko sozialismoa ere aztergai eduki nahi dugu, Amerikako herrialdeetan zer gertatzen ari den ezagutuz».

Ezkerraberrik landu izan ditu hezkuntzako Wert legea, Europaren egoera eta Katalunia. Euskal herritarren erabakitzeko eskubidea du aztergai nagusietako. Iazko urrian Iruñean mahai inguru batzuk antolatu zituen, eta luze gabe Sorturen eta EAren fundazioekin batera beste bat antolatu nahi du.

EAJren fundazioak «gizarteari ekarpena» egin nahi dio, Atutxaren arabera. «Sabino Arana izena du gureak, harro sentitzen gara horretaz, baina hemen ez gara ari egunero Sabinori buruzko eleberri bat idazten edota Gora ta Gora abesten. Gure kezkak etxebizitza, euskara, abiadura handiko trena, justizia... dira. Eutanasiaz ere aritu izan gara, edo prostituzioaz».

«Intentzioa»

Azken bi urteetan justizia alorreko kideak bildu ditu Atutxa buru duen erakundeak: epaileak, katedradunak, zigor legeetan adituak, abokatuak... «Zigor zuzenbidea ETAren amaieran eman diogu izena. 2011ko urrian zoragarrizko berri bat eduki genuen, ETAk kakoari utzi ziola jakinarazi zuelako, eta zigor kodeari begiratu bat eman behar zaiola uste dugu. Aniztasunaren bila aritzen gara». Iaz, besteak beste, Margarita Uria Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kidea, Iñigo Iruin abokatua, Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Erakundeetako idazkari nagusi ohia eta Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusia izan ziren.

Aurten ere antolatuko dute mintegia. «Intentzio jakinarekin prestatzen dugu, Sabino Arana fundaziotik ere ekarpen bat egiteko gaurko egoerari». Horretarako 40 bat lagun ezagun goiz baterako biltzea ez da erraza, baina Atutxak dio bere ibilbideagatik badituela kontaktuak. «Nire lana, Sabino Aranako lehendakari moduan, mintegietarako hizlariak ekartzea da. Zorte on bat daukat: nik telefonoa jotakoan jendea ipini egiten dela. Gure langileei esaten diet, beraz, ni gehiago esplotatzeko...».

Floren Aoizek ere aitortu du ezker abertzaleak baduela zorte on bat: militanteek urteetan pilatutako esperientzia. «Guk ez dugu egin nahi aditu handien klub bat. Ibilbide luze bat egin duen jende asko dago ezker abertzalean, jakituria kolektibo bat osatzen dute, bakoitzak bere neurrian egin du ekarpena, eta hori guztia sistematizatu beharra dagoela iruditzen zaigu».

PSEren fundazio Ramon Rubialek ere bere eremuko ondarea pilatzea du xedeen artean, «euskal sozialismoarentzat eta, oro har, gizartearentzat tresna baliagarria» izan nahian. 2000n sortu zuten fundazioa, Ramon Rubial PSOEko presidentea hil eta hilabete batzuetara. Ahozko artxibategian hirurehunen bat artxibo dituzte, argazki bilduma «aberatsa», dokumentu sorta handia —adibidez, sarean Ramon Rubiali buruzko 150 artxibo pasa—, bideoak, sariak ematen dituzte...

Hain zuzen, Rubialen alaba Lentxu Rubial izan da oraintsu arte fundazioko lehendakaria. Abenduan hil egin zen, eta orain egun batzuk haren alaba jarri dute buru: Eider Gardeazabal (38 urte, Bilbo). «Gure aitonaren izena daraman fundazioko lehendakari izatea ohore bat da niretzat, baina erantzukizun handia ere bai. Gainera, aurreko presidentea gure ama izan zenez, haren lana jarraitzea dagokit. Aitonak eta amak euren bizi osoan defenditutako balioak sustatzen saiatuko naiz: ahulenen eskubideak, elkartasuna, askatasuna, justizia soziala eta bakea».

Maite Sarasua (54 urte, Zarautz) Aralarren Ezkerrarriko lehendakariak irizten dio euren militanteentzat «baleko tresnak» direla fundazioak. «Are gehiago gu bezalako alderdi txiki batean. Neu Gipuzkoan batzarkidea, Aralarreko zuzendaritza nagusiko partaidea eta fundazioko lehendakaria naiz. Jende asko dabil horrela gurean: kargu instituzionala, alderdian beste kargu bat... Denetik jorratzea egokitzen zaigu. Hortaz, gure jendeak jotzen du informazio edo dokumentazio bila fundaziora, eta ematen diegu edukia, ahal dugun neurrian».

Formazioaz

Norberaren alderdi barrura begirako formakuntza lana izaten da fundazioen beste eginkizun bat. Dena dela, gaur egun alderdiak alor hori ere hartzen ari dira —batik bat, alderdi handiak—. Hala dio Atutxak EAJgatik. Aoizek ere esaten du Sortuk badituela militanteak formatzeko mekanismoak. «Legez kanporatze garaian, ezker abertzaleak oztopo handiak izan ditu bere politikak garatzeko, jendaurrean agertzeko, patxadaz gogoetatzeko... Beste aro batean gaude orain, eta denok eman behar diogu garrantzia formakuntza iraunkorrari».

Formakuntzaz ikuspegi partikularra daukate euskal politikagintzako beterano Atutxak (72 urte, Lemoa) eta Ibilzietak (69 urte, Iruñea): politikari edo kargu bat ez dela trebatzen beti eremu horietan ibilita bakarrik. Atutxak argi azaldu du: «Ondo dago politikariek gaztetatik formakuntza jasotzea, baina uste dut politikan sartu aurretik mundu guztiak dozena bat urte pasatu beharko lituzkeela beste arlo batzuetan egurra hartzen, enpresetan eta. Ondoren, politikan sartu behar badu, sartu. Nire ustez, oso arriskutsua da politika lanbide izatea. Behin Argentinan nintzela hango kargudun batekin, hark herritar bati bere ibilbidea zein izan den kontatu zion, beti instituzioetan izan dela eta abar, eta herritarrak: 'Eta lana, sekula ez?'». Ados agertu da Ibilzieta: «Politikan sartu aurretik enpresan, autonomo edo bestelako zeregin profesionaletan lan egitea funtsezkoa iruditzen zait. Bizimoduko ertzak hor dauzkazu, ardurak hartu beharra hor sentitzen duzu, hor zailtzen zara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.