'BATERAGUNE AUZIA'
Argi zuen Rafa Diezek osorik bete beharko zuela zigorra, Espainiak ez zuela harekin eskuzabal jokatuko. Hala adierazi zion BERRIAri,2015ean. «Segituan ikusi genuen Bateragune auzia dimentsio berezia hartzen ari zela. Ezker abertzalearen estrategia aldaketaren ikur ginen gu, eta Estatuak gure eta beste ekinbide judizial eta errepresibo zenbaiten bidez erantzun nahi izan dio fase politiko berriari».
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministro ohi sozialistaren eskua ikusten zuen horren atzean, Gara-n, Bateragune artikuluan, zehaztu zuenez. «Aldaketa estrategikoaren prozesua baldintzatzeko hor sartu zen Rubalcaba. Espainiako Estatuak proiektu politiko independentistaren zatiketaren aldeko jokaleku bat bilatu zuen. Hau da, borroka armatuaren amaiera eta bake eta gatazkaren konponbidea baino gehiago, bere helburua independentismoa ahultzea izan zen». Hala arrazoitu zuen estatuaren jarrera hori: «ETAk bere jarduna etetea erabaki zuenean, Estatuak statu quo-a kontrolatzeko aldagai erabakigarria galdu zuen, borroka antiterrorista, eta, horren ordez, arrapaladan areagotu dira PPren eta PSOEren aginte txandakatzeek eragindako gaitz guztiak: Kataluniako prozesua eta lurralde eredua; bipartidismoaren krisia eta konstituzionalismoaren urritzea Katalunian eta Euskal Herrian; krisi ekonomikoa eta ustelkeria... Analisi manikeorik gabe esan daiteke Ezker Abertzalearen aldaketa estrategikoa Espainiako Estatuko azken urteotako gertakarien katalizatzaile garrantzitsua izan dela».
GATAZKAREN KONPONBIDEA
Bide politiko-militarra uzteko erabakia alde batekoa izan arren, konponbidearen bide orria bi aldeetakoa izatea aurreikusi zuen ezker abertzaleak. Eskema horrek barnean zuen akatsak eten du prozesu politikoa, azken finean, gatazkaren eremuan (presoak, desmilitarizazioa...) egin beharreko urratsak neurri handi batean estatuen esku uzten zituelako. Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek abisatu dute «huts egite» horretaz espetxetik.
Hala esan zion Diezek BERRIAri 2015ean: «Litekeena da bake eta elkarrizketa politikoaren prozesua aldebikotasunetik ulertu izanak, bi hari aparte eta epe desberdinekin buruan izateak, ekiteko gure gaitasuna moteldu izana, eta PP eta EAJ horretaz baliatu dira. Beraz, prozesuaren martxa berreskuratu behar dugu, eztabaida politiko eta sozialari zentralitatea emanez eta Subiranotasuna = Boterea formula berreskuratzeko proposamenak egingo dituen eta mobilizazioari eragingo dion gehiengo sozial eta instituzional bat eratuz. Aldaketarako ezinbestekoa da hori. Hari bakarra du bideak, aldaketa politikoa, eta bertan integratu behar ditugu gatazkaren ondorioak».
Gara-n ñabardura bat gehitu zion horri, aurtengo urtarrilean argitaratutako elkarrizketan: «Denbora behar izan dugu ezker abertzaleak aurreikusitako fase zurrunen eskema hori berrikusteko. Alde horretatik, bake prozesuaren aldagaiak (armagabetzea, presoak, biktimak...) aldaketa prozesuaren barne sartu behar dira. Agintaldi honetan prozesuak aurrera egingo du ETAren alde bakarreko erabakiak, ekimen eta mobilizazio sozialak, nazioarteko presioa eta Gasteiz eta Iruñeko ekintza instituzionala uztartuta».
KATALUNIA ETA EUSKAL HERRIA
Behin baino gehiagotan goraipatu du Kataluniako prozesua Rafa Diezek. «Eredugarritzat» ere jo du gizartearen eta erakundeen artean prozesua aurrera eramateko sortutako uztardura. «Zoritxarrez —esan zion Gara-ri— EAJk, bere beldur estrategikoak direla-eta, muzin egin dio esparru juridiko-instituzional ezberdin batean egon litekeen edozein dinamika bateratuari. Hurrengo hilabeteotako pultsua izugarria izango da,eta Kataluniako bataila horrek gure agendan ere egon beharra dauka. Inbidia diet hango buruzagien trakzio ahalmenari: Mas, Junqueras, Puigdemont, Fernandez... Behar ditugu gizartetik tira egin, eta, konfiantza eraitearekin batera, euren proiektu nazionalean harrotasun sano bat erakutsiko duten buruzagiak».
Euskal Herriko burujabetza prozesua «alde bakarrekoa» izango dela azaldu du Diezek, EAJk babestu izan duen Madrilekiko aldebikotasuneko eskema hori ukatuz. Gainera, burujabetza prozesua proiektu sozioekonomiko aurrerakoiekin uztartu behar dela babestu du, «oreka gehiago eta justizia soziala bermatuko dutenak. Ikuspegi bikoitz horrek transbertsaltasun ideologikorako ahalmen handi bat eman dio subiranotasunari eta independentismoari, Eskozian, Katalunian... Eta Euskal Herrian? Txirrindularitzan esaten den bezala, uneko txakalaldi bat daukagu, baina seguru nago Europako mapan subjektu politiko berriak agertzeko ordu horretan katigatuko gatzaizkiola prozesu horri» (BERRIA, 2015).
SINDIKALISMOA ETA ELA-REKIKO HARREMANA
LABeko idazkari nagusi ohiak behin baino gehiagotan aipatu du sindikalismo abertzalearen urte hauetako jarduna. «Ulergaitza» egin izan zaio LAB eta ELAren arteko urruntzea eta ez gai izatea «aliantza estrategikoak» aurrera eramateko. Horregatik, apirilean idatzitako El Duesotik begirada (BERRIA) tonu baikorragoan begiratu zien bi sindikatuen arteko azken hilabeteotako gertutasunari, Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohia Una mirada sindical contracorriente liburuaren harira ematen ari zen mezuarekin bat eginez. «Ulertzen dut, beraz, denontzako urte hauek nahiko nahasi eta aztoratuak izan direla, arlo politiko eta sindikalaren joko zelaiko aldagaiak biziki azkar mugitu baitira. Orain, agertokia askoz finkatuagoa izanik, ikuspegi taktiko-estrategikoak dituzten proposamen eta aliantzak erabakitasun eta metodoz garatu behar ditugula ikusten dut. Horrek mesede egingo dio lantegietako ofentsiba soziala artikulatzeko botere eta eskubideak berreskuratzeari, eredu ekonomiko alternatiborako gihar soziala indartzeari, jakina, aitortza nazionalean eta burujabetzan oinarritutako aldaketa politikoa sustatuz. Beraz, oso argi geratzen da, lehen urrats moduan, subiranista eta ezkertiarren estrategia indartsu eta partekaturik gabe, ez dugula lortuko baldintzatzea EAJk metodo bezala estatutuaren erreforma kamuflatu bat lortzeko planteatutako aldebikotasuna».
Era berean, batasun sindikalaren aldeko mezu bat igorri zuen: «Alde batetik, sindikalismo abertzaleak uste sendoz eta anbizioz batasun sindikala garatu beharra dauka, jakinda, gainera, lan esparruetan zein gizartean neoliberalismo orokorrak eta euskal neoliberalismoak hustutako boterea berreskuratzeko oinarrizkoa izango dela. Eta, beste alde batetik, Batasun Sindikalak sindikalismo abertzalea birkokatu behar du, proposamen juridiko-politiko zein eredu sozialaren inguruan batzen gaituzten oinarriak aintzat hartuta, askotarikoa eta partekatua (alderdi zein erakunde sozialekin) izan beharreko abangoardiaren partaide gisa».