Gabi Mouesca (Baiona, 1961) Iparrretarrak-eko preso ohia eta OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiko lehendakari ohia da. Gaur egun Emmaus elkartean ari da lanean. Joan den astean jakin du Senatuko hauteskundeetara aurkezteko debekua duela.
Nola jakin duzu hauteskunde hauetan ezin zarela aurkeztu?
Agorrilaren 8an Justizia Ministeriotik gutun bat hartu dut, non sinpleki erraten didaten nire bozka eskubidea 2032ko azaroan berreskuratuko nuela. Kalkulua fite eginez, 71 urte izango ditut. Jende askok erran dit 71 urte senatorialetan sartzeko adin egokia zela. Hola jakin dut, eta berehala Parisko dei auzitegira jo dut. Aste batzuez erantzunik izan gabe, nik deitu dut, eta erran didate erantzuna ez nuela inoiz izango hauteskundeak baino lehen, dosier andana bat berantean zituztelako. Terexa Halsuet nire ordezkoarekin hitz egin ondoren, gure kanpaina bertan behera uztea erabaki dugu.
Nola hartu duzu?
OIPko lehendakari izanik eta, kartzela munduko beste hainbat arduretan jadanik engaiatu naiz, beste preso batzuek beren eskubide zibilen berreskuratzeko laguntza eskatzen zigutelarik. Eta beti izan ditut 1994ko lege berriaren menpe ziren pertsonak. Beraz, beti pentsatu dut lege horrek beste kategoria bateko preso ohientzako zen lege zaharragoaren aplikazioa oztopatzen zuela. Nire kasua da. Horregatik, hasiera batean harritua izan naiz, baita oldartua ere. Oldartua, 16 urte ditudanetik politika egiten dudalako. Beti euskal herritar gisako konpromisoa izan dut. Ildo horretan kokatzen da borroka armatua ere, herritar logika batean delako. Iparretarrak erakundeak euskal herritarren interes nagusiak defendatu ditu, gure nortasunaren oinarria osatzen zutenak. Oinarri horiek defendatzen genituen. Beraz, konpromiso herritarra zen.Surrealista iruditzen zait orain, 50 urte ditudala, 71 urte arte ezingo dudala bozkatu erratea.
Zer dakar eskubide zibilak ez izatea?
Ezin dut bozkatu, ezin naiz aurkeztu eta, adibidez, ezin naiteke epaiketa batean lekuko gisa izan. Bigarren mailako herritarra naizela erraten dut maiz, eta hala da. Baina azpimarratu nahi dut herritartasuna ez dela soilik bozetako kontua, eta beharrik. Herritartasuna eguneroko konpromisoa da, elkarteetan lan egitea... hori ere bada. Egunerokoan norberarekiko eta besteekiko arduraz jokatzea da herritartasuna. Eta zigor handia da enetako herritar egiten nauten eskubide batzuk ez ditudala izango esatea, urteetan zehar konpromisoz herritar izatea bizi dudalako. Nire herritar duintasunaren aurka egin dute. Eta, duintasunari egiten zaizkion eraso guztiek bezala, min egiten du. Gaur gertatzen zaidanaz mindua naiz.
Nola baloratzen duzu?
Bada logika legal bat, errepresiboa dena. Nitaz aparte eta preso politikoez gain, zuzenbideko estatua aldarrikatzen den Frantzian, presoak kartzelara kondenatuak dira, dakartzan duintasunaren kontrako eraso guziekin. Segitzen da haien zigortzen, zigor doble edo hirukoitzekin. Zigor bikoitza ezagutu nuen, hainbat urtez Euskal Herrian eta beste hogei departamentutan bizitzeko eskubiderik ez nuelako. Horrez gain, 400 euro ordaintzen dizkiot hilero terrorismoaren biktimen kutxari. Hori, 200.000 euro ordaindu arte. NBEra joan behar nuen, baina AEBetara joateko debekua dut. Iparretarrak-eko militantea izan naizelako, oraindik zigortua naiz. Hau segida bat besterik ez da Euskal Herriaren alde engaiatu direnen aurka.
Zer erreakzio izan duzu herritarren partetik?
Herritarrekin egon naizenean izugarria izan da. Animatzen nauten anitzen mezuak izan ditut. Abertzaleak eta ezkertiarrak eta gure eskakizunak argiki azaldu izana maitatu dutenak. Abertzaleak ez direnek ere, alde horretatik, gure kanpainaren meritua ezagutu dute. Herritar xumea, langilea, sufritzen dagoena eremu politikotik urrun sentitzen da, baina herritarrei zuzenki hitz egitean berriz pizten zaie interesa. Nire iritziz, ibilbide historikoaz eta horrek izan duen prezioaz eta konpromisoaz gain, egiaren betekizuna da ezker abertzalearen lehen indarra aurrera egiteko. Espero dut desmartxa horretan segituko dugula.
Gabi Mouesca. Preso ohia
«Iparretarrak-eko militantea izan naizelako, oraindik zigortua naiz»
«Surrealista» iruditzen zaio Gabi Mouescari 50 urte izanik 71 urte bete arte ezingo dela bozetara aurkeztu jakinaraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu