Amikuze-Oztibarre-Bidaxune kantonamenduko hautagaia da Lucien Betbeder (Donamartiri, Nafarroa Beherea, 1959). Independente gisa aurkeztu du bere burua, eta Europa Ekologia-Berdeen, Alderdi Sozialistaren, Generation.s-en, eta Departamenduko Ezkerraren babesa lortu du. Michele Doienart aurkeztuko da harekin.
Zein bilan egiten duzu iragan den kargualdiaz?
Aurkeztu bagara, zerbaiten errateko da, gure ideien plazaratzeko. Ikusi dugu departamenduko politikan zenbait eskasia izan direla: arlo sozialean, etorkinekin, hizkuntzarekin... Arlo sozialean ikusi dugu, adibidez, gero eta nekezago dela adinekoekin aritzeko langileak atzematea, eta badira gauzak egiteko horretan. Haien lansariak arrunt apalak dira, eta lanez gaindituak dira. Izurrite denbora honetan, agerikoa izan da. Elkarren arteko lotura egiteko beharrezkoak dira langile horiek, eta ahal gehiago ezarri behar da horretan. Gazteen esku hartzea ere hobetu behar da: garai hauetan, pixka bat bazter utziak izan dira. Kezkak agertu dira: diruaren aldetik, hasteko; izurrite honek lanik gabe utzi ditu anitz. Lagundu behar dira, diru laguntzak emendatuz, adibidez. Gisa berean, gutxieneko errentaren gisako dispositibo bat pentsatu beharko litzateke departamenduak laguntzen dituen nerabeak etorkizunean ere laguntzeko; hala, 18 eta 25 urte artean dituztelarik, laguntzek segida izanen dute.
Nola ikusten duzu Euskal Hirigune Elkargoaren eta departamenduaren arteko harremana?
Izigarriko aldaketa izan dugu elkargoarekin, baina lau urte baizik ez ditu: nini ttipia da. Konpetentzia anitz hartu ditu, eta oraino antolatzen ari da. Aldaketa handia ekarri du politika egiteko maneran, hautetsien deliberoak hartzeko maneran. Bestalde, departamendua hor da, bere konpetentziak ditu, eta azkarrena eskumen soziala da. Zenbaitek erraten dute lurralde kolektibitate bat behar dela departamenduko konpetentziak Ipar Euskal Herrian hartzeko: bai, baina ez berehala. Departamenduko ikuspegi hori aldatzeko denbora beharko da, eta pedagogia. Elkargoa muntatu delarik, jende anitz mugitu da: iraultza ttipi bat izan da. Dena den, anartean, ez da deus egin gabe egon behar; beraz, departamendura joan behar da. Harremanak sakondu behar dira elkargoarekin, eta, momentu batez, aterabideak atzeman beharko dira konpetentziak banatzeko, bakoitzak bere lekua izan dezan. Beste gauza bat ere erran nezake: Ipar Euskal Herria bateratua da, baina biarnesak ez dira bateratuak. Ez dira oraino prest Biarno bateratu baten egiteko; momentu hori etorriko delarik, orduan egin daiteke lurralde kolektibitate bat.
Bozetarako abstentzio handia aurreikusten da. Kezkatua zara?
Badira bizpahiru kezka. Lehenik erran dezaket jendeek konfiantza galdu dutela politikan eta, sustut, alderdi politikoetan. Horregatik, gure taldea ez da alderdi politiko baten izenean aurkezten. Gizarte zibiletik heldu gara, baina ez gara alderdi bateko kide. Pentsatzen dugu gizartearekin lanean ari izan behar dela. Hautetsiak garelarik, ez gara jainkoak; ez ditugu egia guziak. Egia hainbat jenderen arteko harremanean egiten da. Bestetik, bistan dena, pandemia honek eragina izanen du, herriko bozetan bezala. Azkenik, hautetsien falta da, denbora eskasez segur, baina haurrak eta gazteak parte harrarazi behar ditugu kontseiluetan, instituzioetan, uler dezaten nola funtzionatzen duten. Interes hori piztu behar da; gazteekin lan handia bada egiteko. Hautetsi bagara, pentsatzen dugu taldeak sortzea gizarte zibileko jendeak biltzeko, gogoetak eramateko, zer egin behar den pentsatzeko, lekuko kezkak biltzeko, eta proiektuak muntatzeko.
Krisi sozial baten atarian gaude. Zein izanen dira erronkak?
Hautuak egin beharko dira. Ekonomia zutik atxiki da, baina laguntzak geldituko dira; beraz, maleruski, zenbait enpresek ateak hetsiko dituzte, eta langabezia izanen da. Laguntzak beharko dira gazteentzat. Gutxieneko errentarako laguntza emendatu beharko da, prekaritatea handituz joanen baita. Nola buru egin? Ekonomia atxiki behar da, laguntzak ematen segituz. Elkartasuna ez da ahantzi beharko. Bestalde, laborantza ere azkarki lagundu beharko da. Aldaketa klimatikoa ere hor da: gauzak aldatu behar dira oraindik, hobetzeko; horrek lehentasuna izan behar du.
Klima larrialdia erronka handia da. Departamenduak ba ote du horri aurre egiteko baliabiderik?
Anitz gauza egiten ahal ditu departamenduak: energiari loturik, isolamenduari loturik... Bizitegi sozialak eraikitzen ditu, adibidez. Bizitegi sozialak emendatu beharko dira, eskas baitira, baina energia gutxiago xahutzeko pentsatu behar dira. Gainera, hor, enpleguak sortzen dira. Ikerketa batzuk eginak dira horren inguruan: lana ematen diezu hemengo ofizialeei, eta energia gutxiago xahutuko da bizitegi horietan. Karbono gutxiago botako dugu airera. Departamenduak kudeatzen ditu kolegioak ere, eta ahalik eta energia gutxien gastatzeko pentsatu behar dira. Laborantzaren arloan ere gogoetak egin behar dira: zein da nahi dugun laborantza eredua? Laguntzak laborantza iraunkor eta biologiko batera buruz bideratu beharko dira. Gure herriak bizirik atxiki nahi baditugu, laborantza iraunkorra sostengatu behar da.
Etorkin adingabeen ardura du departamenduak. Zenbait elkartek diote hutsuneak badirela. Zer diozu?
Arrunt egiten dut bat kritika horrekin. Hezitzailea naiz, eta gure lanean ikusten dugu: jende horiek frantsesa ikasi dute, eta ofizio bat; borondate oneko jendeak dira. Enpresak lorietan ziren: anitz kontratu izenpetu ditugu hemengo enpresekin. Gero, ohartu naiz gauzak zaildu direla urte gutxiz. [Frantziako] Estatuaren partetik sustut, neurriak zorroztu dira, argiki. Ikusten da immigrazioa ahal bezainbat mugatu nahi dutela gure herrian. Departamenduak jadanik anitz egiten du arlo horretan, adingabeak errezibitzen baititu: etxebizitza atzematen die, formakuntzak ere bai... Baina arrunt apaldu da harrera kopurua. Adingabe batzuk baztertzen dituzte. Gainera, departamenduko zerbitzuek duda baldin badute adinari buruz, Frantziako Mugako Poliziarengana igortzen dituzte. Onartezina da. Kontuan hartu behar da jende horiek ez direla beren herrietatik gustura joanak. Departamenduak harrera bermatu behar du. Kostua badu, segur, baina hori da elkartasunaren printzipioa.
Departamendua EEPren parte da. Nola ikusten duzu geroa?
Sekulako inarrosaldia izan da murgiltzea kolokan ezartzea. Ez da posible. [Frantziako] Estatuak ez du gauzatuko erabakia; ez dut sinesten. Guk segitu behar dugu orain arte bezala; karrikara atera gara, eta eskualde guzietan batu: hautetsiak, sare pribatua, publikoa, ikastolak... Zenbait hautetsi ez genituen ikusten horrelako manifestazioetan: harritu nintzen departamenduko lehendakaria hor ikusteaz; sorpresa handia izan da guretzat. Ene ustez, indarrak batzen segitu behar dugu EEPn.
Departamendu eta eskualde bozak. Lucien Betbeder. Hautagai independentea
«Iparraldeko lurralde kolektibitatea bai, baina ez berehala»
Betbeder hezitzailea da ofizioz, eta argi du laguntzak emendatu beharko direla krisi sozialari aurre egiteko. Klima aldaketa eta laborantza iraunkorra ere lehentasuntzat jo ditu datorren kargualdiari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu