Iparraldeko hedabideen bozetako elkarlana saritu du 'Argia'-k

'Zebrabidea'-k eta 'Idemtitateak' saioek, 'Aiaraldea'-k eta 'Entzun'-ek ere jaso dituzte sariak

2015eko Argia sariak jaso dituztenen talde argazkia, atzo, ekitaldiaren ondoren. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Usurbil
2015eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Elkarlana goraipatu dute aurten Argia sarietan. Hainbat hedabideren artekoa, sarean egindakoa. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako iazko herri bozetan euskal hedabideek egindako lanari eman diote Interneteko ataleko saria, eta gainerako protagonisten hitzetan ere nabaritu da balio horren garrantzia. Eskuz esku, jarraipen zabala egin zieten martxoko hauteskundeei Kazeta.eus atariak, Ipar Euskal Herriko Hitza-k, Euskal Irratiek, Herria aldizkariak eta Kanaldude telebistak. «Egun hartako gertaerak zuen maila berekoa», Argia-ko Onintza Iruretaren hitzetan: «Elkarlanak zenbat balio duen badakigu inguruetan bizi garenok. Ez genuen alferrik garatu auzolanaren kultura».

Ohi bezala, Usurbilen banatu zituzten Argia sariak, bazkalondoan. Mahai inguruko giroan ziren euskalgintzako, hedabideetako eta erakundeetako ordezkari ugari: BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendi, Gara-ko Iñaki Soto, Jakin aldizkariko Lorea Agirre, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Cristina Uriarte, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano...

Argia-ko zuzendari Estitxu Eizagirreren hitzekin ekin zioten ekitaldiari, «balioaren eta baloreen» inguruko hausnarketarekin: «Guretzat, balio hitzak zerrendatutako balore esan nahi du». «Txanponen neurriari» bainoago, bestelakoei eman zien garrantzia: «Txanponetan neurtu izan bagenu beti gure amets bakoitza, hemen zaudeten proiektu asko ez ziren sekula martxan jarriko».

«Hartxintxar bat»

Aldizkaria bera jarri zuen Eizagirrek adibide gisa: «Argia hartxintxar bat da Daviden patrikan. Davidek aurrean du Goliat, bertako eta munduko oligarkia». Eta munduan oso urrun joan gabe aldarrikatu zuen prentsa askatasuna ere, Topatu-ko kazetari Iraitz Salegi aipatuta: «Jarraipen informatibo bat egiteagatik, kartzelara joateko arriskuan da».

Ttitto Betbeder eta Jose Luis Aizpuruk jaso zuten lehen oroigarria, Ipar Euskal Herriko bozetan elkarlanean aritutako hedabide guztien izenean. Gogoan izan zuten BERRIAko kazetari Aitor Renteria Txato zena, langintza hartan aritua. Haien atzetik etorri ziren Iñigo Martinez eta Xabier Sagardia, papereko saria jasotzera, urtekari bihurtutako Entzun aldizkariaren izenean. Zailtasunak zailtasun, musikaren inguruko urtekari espezializatua egiten jarraitzeko asmoa agertu zuten.

Txikien baturaren emaitza da Zebrabidea ere, Arrosa sareko irratien artean egindako saioa. Gai ugari jorratzen dituela nabarmendu zuten Argia-koek, eta «apustua» egin dutela arratsalderoko magazinarekin. Nekane Zinkunegik eta Jon Aranburuk jarri zieten aurpegia atzo uhinetako ahotsei, baina ez zituzten ahazteko izan noizbait saioaren parte izan diren guztiak.

Sustapen ekintzaren saria, berriz, iaz indar handiz hazitako mugimendu batentzat izan zen: Gure Esku Dagorentzat. 150.000 lagun erabakitzeko eskubidearen alde eskutik helduta jartzea lortu zuten iaz. «Sustapenetik gauzapenera» pasatzeko itxaropenez hartu zuten saria Ainhoa Mendibilek eta Angel Oiarbidek.

Ikus-entzunekoetan, Hamaika telebistako Idemtitateak saioa nabarmendu dute aurten, «emakumeak denon gaiez hizketan» jarri dituena, Ane Zabala eta Nagore Uriarteren esanetan.«Azkenaldian ikusi dugun telebista saio politiko interesgarriena da», esan zuten Argia-koek.

Batera aritzearen balioa goraipatuz jaso zuten merezimenduaren saria Aiaraldea Komunikazio Leihoko Gartzen Garaio eta Izar Mendigurenek. Arabako eskualde horretan zegoen hutsunea bete izana goraipatu zuten sari emaileek, eta jarraitzeko grinez erantzun sarituek: «Balio dezala euskara, putzu sakon eta ilun bat izateari utzita, kolore eta tresna askotako ortzadar bihur dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.