Konkolotx Ipar Euskal Herriko zortzi haurtzaindegi eta haurtzain etxe euskaldunen elkarteak salatu du euskarazko haur hezkuntzaren egoera «larria» dela. Elkartearen helburu nagusia da haurtzaindegietan euskara hedatzea eta euskarazko zerbitzua bermatzea, murgiltze sistema baliatuz eta haien arteko laguntza azkartuz. Baina, erran dutenez, zailtasunak dituzte, baliabide eskasiagatik. Izan ere, EEP Euskararen Erakunde Publikoari diru laguntza eskatu, baina ezezkoa eman zien. Haien «aterabide bakarra», orduan, herritarren laguntza jasotzea da, dirua biltzeko kanpaina baten bidez; helburua da irailean denbora erdiz kontratatu duten langilearen saria diruztatzea. Salatu dute diru laguntza ez ukan izanak erakusten duela lehen haurtzaroa ez dela «lehentasunezkoa».
Ipar Euskal Herrian, haurtzaindegien %5ek proposatzen dute murgiltze sistema. Ehun leku eskaintzen dituzte, baina 2023ko eskaerak eskainiriko lekuak halako bi izan ziren. «Gure haurtzaindegi eta haurtzain etxeak gainezka dira», adierazi du Leire Bidart Konkolotxeko kide eta haurtzainak. Adibidez, Marie Dol Miarritzeko (Lapurdi) Ohakoa haurtzaindegiko zuzendariak zehaztu du ikasturte honetarako 25 familiaren eskaerak baztertu behar izan zituela. Egoera hori dela eta, burasoek frantses hutsean edo ele bitan funtzionatzen duten haurtzaindegietara eraman behar izaten dituzte haurrak, halabeharrez, nahiz eta murgiltze sistema nahi izan. «Haurren eta familien hizkuntza eskubideak urratzen dira», gaitzetsi zuen Sebastien Castet Euskal Konfederazioko kideak.
Euskara, lehen haurtzarotik
Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak erran duenez, umeek 0 eta 3 urte artean ikasten eta barneratzen dituzte hizkuntzak, eta, ondorioz, haurtzaindegian frantsesez edo elebi tan aritzeak euskararen ikastea oztopatzen du, bai eta euskaraz aritzeko aukera ere. Jorajuriak, bestalde, adierazi zuen urtero hirurehun haur sartzen direla lehen aldiz Seaskako ama eskoletan, eta haien artean anitzek euskara ez dutela naturalki erabiltzen haur hezkuntza frantsesez egin dutelako. Hala, azpimarratu du euskarazko murgiltzea «beharrezkoa» dela lehen haurtzaroan.
Gainera, hezkuntza sektore osoan bezala, haur hezkuntzan ere langileak falta dira. Konkolotxek dituen arazoetako beste bat da ez dutela atzematen langile euskaldunik, proposatuak diren formakuntza eta diploma guziak frantsesez baizik ez direlako eginak. Hortaz, adierazi dute ezinbestekoa dela langileak euskaraz trebatzea.