Iparraldeko campusak garatzeko Irekia proiektua aurkeztu dute

2031. urterako, Baionako eta Angeluko campusetako ikasle kopurua bikoiztu nahi dute, formakuntza berriak eskainiz. Ez dute aurreikusi euskarazko formakuntzarik zabaltzea

Baionako campusa, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Ondoko hamar urteetan Baionako eta Angeluko campusetako ikasle kopurua bikoiztea jarri du helburutzat Paue eta Aturrialdeko Unibertsitateak. Proiektuak Irekia du izena, eta Frantziako Gobernuak 8,8 milioi euroko diru laguntza eman dio, Gerorako Bikaintasuna deialdia irabazi ondoan. Laurent Bordes unibertsitateko zuzendariak azaldu du laguntza hori Ipar Euskal Herriko campusak garatzeko baliatuko dutela; batik bat formakuntzen eskaintza handitzeko, ikerketa laborategiak sendotzeko, eta tokiko eragile sozioekonomikoekin harremanak indartzeko. Bordes: «Gisa horretako proiektu garrantzitsu bat gauzatzeko, noski, tokiko instituzioekin batera lan egin dugu, Euskal Hirigune Elkargoarekin batez ere». Oraingoz, ez dute irekiko euskaraz egingo den formakuntzarik.

Bordesen arabera, Ipar Euskal Herrian baxoa pasatzen duten ikasle gutxik egiten dituzte goi mailako ikasketetan; alde batetik, lekuan berean den formakuntzen urritasunagatik, eta, bestetik Ipar Euskal Herriko ikasleek lurraldean egoteko duten gogoaren ondorioz. Zenbakiak horren adierazle dira: baxoa pasatzen duten ehun ikasletarik hogeik egiten dituzte goi mailako ikasketak. Irekia proiektuak egoera «iraultzeko» balioko duela uste du Bordesek.

Baina gisa horretako aldaketa bat egiteko, beharrezkoa izanen da azpiegiturak egokitzea. Egun, kasik 4.000 ikaslek ikasten dute Baionako eta Angeluko campusetan. Alta, azpiegiturak eskas dira: Baionako campusean, erraterako, ikasgela gutxiegi dago ikasle kopurua kontuan harturik. Ikasleentzako zerbitzuak ere mugatuak dira. Erraterako, unibertsitateko jantokiak gainezka egiten du, eta ikasle asko kanpoan bazkaltzera behartuak dira, leku eskasagatik. Ikasleentzako etxebizitza kopurua ere eskasa da.

Bordesek segurtatu du elkargoarekin harremanetan daudela zerbitzuak eta azpiegiturak proiektuarekin batera garatzeko. Jean-Pierre Laflaquiere elkargoko lehendakariordea da, eta goi mailako ikasketen, formakuntzaren eta ikerketaren arloak kudeatzen ditu. Hark ere segurtatu du «datozen hilabeteetan» azpiegitura berri batzuk lortuko dituztela, negoziazioak martxan baitira. Izan ere, non eta nolakoak izanen diren zehaztu gabe, aditzera eman du azpiegitura horiek gaur egungo campusetatik «nahiko hurbil» izanen da. Honela laburbildu du Bordesek eginkizuna: «Proiektu berriak lurraldea eraldatuko du, eta unibertsitateak bere maneran lagunduko du aldaketa. Etorriko diren ikasleek behar bezalako zerbitzuak ukanen dituzte».

Itunak enpresa pribatuekin

Proiektua «ahal bezain koherentea» izan dadin, Bordesek uste du tokiko eragile sozioekonomikoekin elkarlanean garatu behar dela. «Ipar Euskal Herrian enpresa anitz dira: gure unibertsitatean, talentudun ikasleak trebatu behar ditugu horietan lan egiteko, hemengo ikasleei bertako lan ibilbide bat eskaintzeko». Horretarako, enpresekin partaidetza hitzarmenak izanen direla segurtatu du. Lerroen artetik, oraingoz xehetasunik eman ez badute ere, erran dute unibertsitateak finantzaketa pribatua lortuko lukeela partaidetza itun horiek egitean. 8,8 milioi euroko laguntza jaso badu ere, kostu handia izanen du proiektuak 10 urtez: 34 milioi eurokoa, guztira. «Enpresek gure proiektua lagunduko dute, besteak beste aprendizgoaren bidez gauzatuko diren partaidetza hitzarmenekin».

Christian Laborderie unibertsitateko irakasleak parte hartu du diru laguntza lortzeko eskaera egiten, eta, beraz, proiektuaren nondik norakoak idazten. Azaldu du asmoa dela fablab deituriko ikerketa laborategi batzuk plantan ezartzea. Fablab horietan, «arlo teknikoetan berrikuntzak» plantan jartzeko aukera eskainiko du unibertsitateak; bertan elkartuko dira irakasleak, ikasleak eta enpresetako ordezkariak.

Sei gairen inguruan egingo dituzte fablab horiek: bizitegi iraunkorrak eta karbono isuri apaleko materialak; elikadura segurtasuna; ur ingurumena; nazioarteko ikasketak; arlo digitala, eta kirola eta osasuna. Hautatutako alorren «diziplinartekotasuna» goraipatu du Laborderiek. Horiek gauzatzeko, beraz, formakuntza eskaintza handituko dute lizentzia eta master kopurua emendatuta. Zehazkiago, 2031ra bitarte, beste 30 lizentzia, 50 master, eta 14 ikerketa laborategi irekitzeko asmoa dute.

Alta, horien artean ez dute eskainiko euskarazko formakuntzarik. Bordes: «Funtsean, ez dugu gaitasunik eta baliabiderik euskarazko formakuntzak egiteko. Beharbada egun batez posible izanen zaigu, baina, oraingoz, ez da proiektuaren barnean».

Duela zenbait urte, hain zuzen, Ipar Euskal Herrian unibertsitate bat plantan ezartzeko ahaleginetan aritu ziren eragile zenbait. 2012an, kasurako, Batera plataformak borondatea erakutsi zuenean estatutu bereziko lurralde elkargoa sortzeko, argudiatu zuen eskumen zabaleko unibertsitatea sortzeko balioko zuela. Baina Bordesek argi utzi du ez dela Irekia proiektuaren «funtsa» gisa horretako eginkizun bat gauzatzea. «Gu ez gara ari Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatea bitan zatitzen. Guk gure zerbitzu publikoko misioa bete nahi duguformakuntza eskas den lurralde batean, eta, horretarako, formakuntza eskaintza areagotuko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.