Iparraldeko bertze bortz euskal hedabide lagunduko dituzte hitzarmen bidez

'Ipar Euskal Herriko Hitza' astekariak, Kanaldude telebistak, 'Herria' aldizkariak, 'Kazeta.eus' atariak eta Radiokultura irratiak laguntza egonkorragoa izanen dute

EEPko Bernadette Soule eta Beñat Arrabit, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika saileko Bingen Zupiria eta Miren Dobaran, 2018an, Baionan. BOB EDME.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Ezin izan dute argazkirik atera, baina aurten ere berritu dute EEP Euskararen Erakunde Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmena, «bide telematikoz». Aurten ere 1.930.000 euro emanen dituzte Ipar Euskal Herrian euskara garatzeko ezinbertzekoak diren eragile eta egitasmoentzat, baina berrikuntza bat gehitu dute diru laguntzetan: orain artekoez gain, bertze sei eragile lagunduko dituzte hitzarmen bidez, zuzenean. Horien artean dira Ipar Euskal Herriko Hitza astekaria, Kazeta.eus ataria, Herria aldizkaria, Radiokultura web irratia eta Kanaldude herri telebista.

Orain arte ere hitzarmen bidez laguntzen zituzten eragile batzuk, baina gutiago: hezkuntzaren alorrean, AEK-k, Seaskak, Euskal Haziak-ek, Biga Baik eta Ikas Bik jasotzen zuten zuzenean laguntza; hedabideenean, Euskal Irratiek eta Euskal Hedabideak elkarteak; eta aisialdiaren arloan, Bertsularien Lagunak elkarteak eta Uda Lekuk. Gainerako eragileek poltsa komuneko dirua lortzeko laguntza eskaera egin behar izaten zuten.

Lehendabiziko diru zakua handitu dute orain, eta bertze sei eragileren laguntzak egonkortuko dituzte: aipaturiko bortz euskal hedabideek ez ezik, UEU Udako Euskal Unibertsitateak ere jasoko du dirua modu horretan.

EEPk eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin ematen duten diru laguntzaren parterik handiena izanen da akordioei esker bideratuko dutena: 1.798.500 euro ezarriko dituzte horretarako, eta bertze 131.500 euro, berriz, bertze edozein eragile pribatuk aurkezturiko proiektuak laguntzeko, deialdi bidez. Irekia dago jada eskaerak egiteko epea, baina zehaztu dute koronabirusa dela-eta ezin dela paperezko txostenik bidali: eragileek posta elektronikoz egin beharko dituzte eskaerak.

Ipar Euskal Herrikoak ez dira izanen diru laguntzak jasotzeko hitzarmena duten euskal hedabide bakarrak. Izan ere, iaztik hitzarmena egina du Eusko Jaurlaritzak Hego Euskal Herriko eta Euskal Herri osoko hedabideekin ere. BERRIAk eta Jaurlaritzak, erraterako, joan den irailean izenpetu zuten hitzarmena.

Itzuli, frantsesez ere bai

Diru laguntzenaz gain, bertze berrikuntza batzuk ere badakartza EEPk eta Eusko Jaurlaritzak berritu duten hitzarmenak. Horietako bat da Itzuli Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile neuronala frantsesetik euskarara eta euskaratik frantsesera ere jarriko dutela hemendik aitzina. Joan den urrian aurkeztu zuen Jaurlaritzak itzultzaile automatiko berria, baina bakarrik gazteleratik euskarara eta alderantziz itzultzeko aukera eskaintzen zuen. Orain, frantsesa ere bilduko dute.

Itzultzaile neuronala itzulpengintza automatikoaren alorrean egindako urrats kualitatibo garrantzitsua da, adituen ustez. Izan ere, sistema horri esker, itzulpen naturalagoak eta koherenteagoak lortzen dira orain arteko itzultzaile automatikoek egiten zituztenak baino. Halako itzulpen sistemak hizkuntza bakoitzeko corpusekin «entrenatzen» dira, eta «ikasi» egiten dute, eta horri esker lortzen dituzte itzulpen hobeak. Hala, Itzuliren frantsesezko bertsioa garatzeko beharrezkoak dituen corpusak eman beharko dizkiote sistemari: EEPren ardura izanen da corpus horiek eratzea.

B2 azterketa

Euskara gaitasuna egiaztatzeko azterketei bertze bat gehituko diete, bertzalde. Izan ere, orain arte B1 eta C1 (EGA) azterketak soilik egin zitezkeen Ipar Euskal Herrian, eta orain bertze bat gehituko diete: B2a. Azterketa horren sortze lanak aurten abiatuko dituzte, HABErekin elkarlanean. B1 eta EGA azterketek bere horretan segituko dute Ipar Euskal Herrian Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban kendu egin dute EGA, eta maila bakoitzean azterketa bat dago, HABEk antolatua.

EEP eta Eusko Jaurlaritza 2007an hasi ziren euskararen alorrean elkarlanean, eta, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburuaren ustez, «oso emankorra» izan da urteotan guztiotan egindako bidea. «Badira hamahiru urte Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko bide berri bati ekin ziotela. Harrezkeroztik, urtero-urtero lehentasunak adosten ditugu, eta elkarlanari eusten diogu». Gogoratu dutenez, 2017tik Nafarroako Gobernuarekin ere ari dira elkarlanean, hiru erakundeak batera: «Harremanak sendotuz, informazioa trukatuz, baliabideak bateratuz eta proiektuak partekatuz, urrats garrantzitsuak egiten ari gara euskararen sustapenean». Atzo EEPrekin batera aurkezturikoa 2017-2022 aldiko hitzarmen markoan bildu dute, eta, aipaturiko berrikuntza nagusiez gain, bertze proiektu batzuk ere jarriko dituzte martxan: Euskararen Adierazle Sistema garatzea, 2021ean eginen den VII. Inkesta Soziolinguistikoaren prestaketa lanak abiatzea eta helduen euskalduntzearen alorrean laguntza dispositiboak aztertzea. Urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak 400.000 euroko diru laguntza emanen dio EEPri eragileak diruz laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.