Iparraldeko autonomia estatutu bat proposatzea bozkatu dute EH Baiko kideek

EH Bai alderdiko kideak biltzar nagusian bildu dira gaur, Lekornen (Lapurdi). Programa politiko berritu baten eta autonomia estatutua egiteko proposamen baten alde egin du gehiengoak. Abenduaren 14an aurkeztuko dituzte biak.

EH Bairen biltzar nagusiko bozketa bat
EH Baiko kideak biltzar nagusian bozkatzen, gaur, Lekornen. PATXI BELTZAIZ
Iñaki Etxeleku.
2024ko azaroaren 23a
14:20
Entzun

Gaurko biltzar nagusian bozkatutako txostenak «datozen urteetako ekinbide politikoa gidatuko duten bi dokumentu dira», adierazi du EH Bai alderdiak gaur, Lekornen egin duen biltzar nagusiaren ondotik. Programa politikoa, dirudienez, ez da oraino erabat zehaztua. «Momentuko aktualitatearekin batera garatuz joanen da, eta hurrengo hauteskunde zikloan ere deklinatuko da». Halere, alderdiaren pentsamolde orokorra berriz zehazteko parada izan da. «Militanteek Euskal Herri abertzale, ezkertiarra, feminista eta ekologista eraikitzeko duten xedea berretsi dute», EH Baik dioenez.

Herrietako eta Euskal Hirigune Elkargorako 2026ko bozei begira azken asteetan landu dituzten norabideak ere bozkatu dituzte EH Baiko kideek. Izan ere, 2026an Ipar Euskal Herriko 158 herriko etxeetako hautetsi berriak hautatzeko hauteskundeak iraganen dira. Horien karietara hautatuak izanen dira, bidenabar, Elkargoko batzar orokorrera joanen diren ordezkariak. 2020ko bozetarik, eta geroztik gertatu diren hauteskundeetako emaitzak ikusirik, «jauzi kualitatibo» berarekin jarraitzeko xedea du EH Baik. Dioenez, barne prozesu bat abiatua du «Ipar Euskal Herriko erakunde ezberdinetan ardurak hartzeko gisan». 2026ko bozei begirako «dinamika» abiatu nahi du orain, «Euskal Herri abertzale, ezkertiar, feminista eta ekologista baten aldeko proposamen zehatz, sinesgarri eta errealistak» proposatzeko hauteskunde horien karietara.

Oroitarazi behar da Euskal Elkargoko Bil Gaiten talde politikoan badaudela EH Baiko kide diren hautetsi batzuk. EH Baik 2022ko udaberriko biltzar nagusian talde politiko horren sortzearen alde egin zuen, eta, geroztik, frankotan nabarmendu dira Bil Gaiten-eko hautetsiak Elkargoko batzar orokorrean. 2026ko hauteskundeek erakutsiko dute zer garapen lortu dezakeen Bil Gaiten-ek.

Abenduaren 14ko deia

Programa politiko zehaztua, baita gaur bozkatu autonomia estatutuaren proposamena ere, heldu den abenduaren 14an aurkeztekoak ditu EH Baik, Baionako Larbeou jauregian.

Haatik, ez du zehaztu nahi izan autonomia estatutua sortzeko proposamena zein motatakoa izanen den. Bi proposamenen aurkezteko ekitaldi hori Hemen Bai! Au Pays Basque c’est possible! deitu duen kanpainaren abiatzeko baliatuko du alderdiak. Egun horretatik lekora, EH Bai Ipar Euskal Herriko lurraldeetan barna joatekoa da proposamen horien aurkeztera.

Azkenik, «populismoaren eta eskuin muturraren gorakadaren aitzinean, EH Baik lehen diputatu bat» —hala nola Peio Dufau— lortu izanaz poztu dira kideak biltzar nagusian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.