Frantziako Osasun Ministerioak atea itxi dio Hego Euskal Herriko biztanleen txertaketari. Izan ere, azken asteetan zenbait hedabidek plazaratu dute Hego Euskal Herriko zenbait biztanle Iparraldera joan direla txertatzera, txertaketa plangintzan adin irizpideak kontuan hartzen ez dituztela baliatuta. Hautsak harrotu ditu albisteak, baita zenbait erreakzio sortu agintarien artean ere: atzotik aurrera, bizitoki baimena, lan baimena edo Frantziako osasun txartela erakutsi beharko dute Ipar Euskal Herrian txertoa hartu nahi dutenek. Hain zuzen ere, Pirinio Atlantikoetako prefetak ohartarazpena egin du ohar batean: «Txertaketa Frantziako osasun sistemaren baitan direnentzat edo Frantzian bizi direnentzat baizik ez dago irekia». Maider Arostegi Miarritzeko alkateak (Lapurdi) ere adierazi du neurriak zorroztuko dituztela. Haren hitzetan, erabiliko ez diren dosiak baino ez dizkiete emango Hegoaldeko biztanleei.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaiaren inguruan egindako adierazpenen ostetik etorri zen neurriak zorrozteko erabakia. Izan ere, Sagarduik atzo emandako elkarrizketa batean adierazi zuen «ezustean» harrapatu duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleak txertatzera Ipar Euskal Herrira joan izanak. Erabaki hori errespetatzen duela gehitu zuen, baina ezin zuela aurreratu horri buruzko informaziorik, Osasun Sailean ere hedabideen bidez izan baitute horren berri, Frantziako Osasun Ministerioarekin «harreman adeitsuak» badituzte ere.
Orain arte, Miarritzeko txertaketa eremua izan da Hegoaldeko biztanle gehien jaso dituena, bertan txertoa eskuratzeko baldintzak gutxi baitziren: Frantziako Osasun Ministerioaren DoctorLib plataforman ematen zuten izena Hegoaldeko biztanleek, eta txertoa hartzerako orduan nortasun agiria eta txandaren ziurtagiria baino ez zituzten eraman behar. Immunitate ziurtagiriari dagokionez, Frantziako Gobernuak emandako ziurtagiri digital bera esleitzen zela kaleratu dute zenbait hedabidek.
Horri buruz galdetzean, ordea, txertatutakoen erregistroa nola egingo den ez zekiela adierazi zuen Sagarduik, baina, hala ere, azpimarratu zuen lehen dosia emandako osasun sistema berak izango duela bigarrena emateko ardura. Neurrien zorrozteak, ordea, zalantzan jarri du jada lehenengoa hartu dutenen bigarren dosia: momentuz ez dute horri buruzko zehaztapenik egin.
Hegoaldean, motelago
Ipar Euskal Herrira txertatzera joandako Hegoaldeko biztanleen soslaia gaztea da, hain zuzen ere adin tarte horren txertaketa plangintzarik oraindik ez dutelako martxan jarri Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Hori horrela, 30 eta 39 urte artekoen txertaketa dago abian Nafarroan. Atzo jakinarazi zuen gobernuak herrialdeko txertaketa eremu guztietan hasi direla tarte horretakoak txertatzen. Pauso bat atzerago daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa: 40 eta 49 urte artekoak ari baitira orain txertatzen. Hala ere, hilabete amaierarako 30 eta 39 urte artekoekin hastea aurreikusi du Jaurlaritzak.
Immunitatea orokortzen ari da Hego Euskal Herrian, eta agintariek uda amaieran jarri dute talde immunitatea lortzeko epea: biztanleriaren erdiek jada hartua dute txertoaren dosi bat; %50,7k, zehazki. Txertaketa pauta bukatu dute, aldiz, biztanleen %33,54k.