Koronabirusa

Iparraldean, eskola sartzearen arrangura

Protokoloa berandu heldu zaie ikastetxeei. Hala, epe laburrean aztertu beharko dute Frantziako Hezkuntza Ministerioak azaldutako neurri sorta, astearte goizean izanen baitute sartzea Ipar Euskal Herriko ikasle guziek.

Konfinamendu ondoko eskola sartzea, Azkainen. GUILLAUME FAUVEAU.
Baiona
2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Sartzeari buruzko osasun neurriak uda osoan aipatu badira ere, Frantziako Hezkuntza ministroak aste honetan zehaztu du zuzen zein izanen diren. Ipar Euskal Herriko hezkuntza eragileek epe motzean landu beharko dituzte protokoloak, sartzea heldu den asteartean izanen baita.

Iban Tikoipe Baionako Etxepare lizeoko zuzendariak dio protokoloaren antolakuntza ez dela oraino bukatua. Heldu den astean ekarpenak eginen dizkiote protokoloari. Baina lehen neurriak jadanik jaso dituzte. «Ikasle eta irakasleek egun osoan maskara erabili beharko dute», zehaztu du Tikoipek. Higiene neurriak ere aipatu ditu: «Eskuak garbitu beharko ditugu etengabe». Gisa berean, ikasgelak eta mahaiak desinfektatu beharko dituzte egunero, kurtsoen ondotik: «Lana ikasleen eta langileen artean banatzeko antolatuko gara».

Distantzia soziala mantentzeko protokoloa ikasgelen egituraren araberakoa izanen da. Etxepare lizeoko jantegian, adibidez, jateko denboraldia luzatuko dute, metatzerik ez izateko. «Irakasleak kezkatuak dira, maskararekin sustut. Ikasleen aurpegia kukutua izanen da, eta horrek gauza asko aldatuko ditu guretako pedagogia mailan». Bestalde, egoeraren aldaketa posibleek «ezjakintasun» bat sortzen dute, eta oraindik ez daki zein izanen diren neurriak ikasle batek hamalau eguneko etxeratze agindua izango balu. Hala, Etxepare lizeoko irakasleek protokolo bat antolatu beharko dute lizeoa hestera behartuak badira. «Lehen konfinamenduko emaitzak aski positiboak izan ziren», baloratu du Tikoipek. Formakuntza batzuk propo- satuko dizkiete hainbat eragileri, «tresna berdinen baliatzeko, izan komunikazioan ala irakaskuntzan».

Beste alde batetik, 11 urtetik gorako ikasle guziek baliatu beharko dute maskara ikastetxean, derrigorrean. Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamenduko lehendakariak jakinarazi du hamar maskara banatuko dizkietela kolegioetako ikasle guztiei. «Badakit horrelako neurriek zer gastu eta arazo sortzen ahal dituzten familietan», argudiatu du.

Bide beretik, Akitania Berriko eskualdeko lehendakariorde Jean Louis Nembrinik jakinarazi du ekainean lizeoetan banatutako maskara erreserbak ez direla bukatu, eta, beraz, ez dutela berririk banatuko, oraingoz. Izan ere, iragan ekainean 4.000 maskara banatu zituzten orotara departamenduko lizeoetako ikasleentzako. Hala ere, lizeoetako ikasle xumeei bost maskara eskainiko dizkiete —ikasleen %30 dira egoera horretan—.

Angeluko (Lapurdi) Herriko Etxeak neurri bereziak hartu ditu herriko eskola publikoentzat. Claude Olive Angeluko auzapezak osasun neurrien protokoloa aipatu zuen atzo goizean. Jakinarazi zuen eraikinen eta gelen garbiketa azkartuko duela Angeluko eskoletan. Bestalde, azaldu du haurrek berriz bazkaltzen ahalko dutela jantegian. Iragan ekainean, kutsatzeak saihesteko, berenikasgelan jaten zuten ikasleek. Gurasoei begirako neurririk ez du hartu Olivek, baina, halere, gomendio bat helarazi nahi izan die: maskara eramatea ikastetxe aitzinean izanen direlarik. Egoeraren arabera egokitzeko aukera izango duela oroitarazi du: «Arazoak izanez gero, udal erabaki baten bidez maskararen erabilpena derrigor dezaket».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.