Aurore MartinBatasuneko kidea espetxeratu zutenetik, lehen aldiz ikusi zuen presoa, atzo, Jone Goirizelaia abokatuak. Soto del Real kartzelatik atera berri dela hartu du BERRIA. Soto del Realen Martin ikusi, jarraian Alcala Mecora beste preso bat ikustera abiatu, eta Alcala Meco herrian aparkatu bezain laster erantzun die BERRIAren galderei, telefonoz.
Zer moduz topatu duzu Aurore Martin?
Ondo ikusi dut, edozein pertsona kartzelara sartzen dutenean bezala lur hartzen. Modulu arrunt batean dute, baina bakarrik, han dagoen beste emakumezko euskal preso bakarra bakartuta dagoelako. FIES erregimena ezarri diote —arriskutsutzat dituzten presoentzat pentsatua da, eta euskal presoei automatikoki ezartzen zaie—, eta 10. artikulua —presoen hainbat eskubide murrizten ditu—. Aurorek, gainera, arazo handi bat dauka: ez du gaztelaniaz hitz egiten. Beraz, edozein gauza egiteko laguntza behar du, baina euskaldunik ez du ondoan. Sekulako poza hartu du nirekin euskaraz hitz egiten egon delako. Oso pozik zegoen gure hizkuntza entzun duelako, ondo komunikatu ahal zelako eta lasai hitz egiteko aukera izan duelako. Hasi da egin beharrekoak egiten telefono deiak egin ahal izateko, lagunen bisitak izateko... Baina horrek bere denbora behar du. Oraingoz, gutunik ere ez diote eman, ez egunkaririk, ez ezer; hasierako poltsa besterik ez du. Eta, tira, bere bizitza antolatzen ari da.
Kokatu du burua?
Niri esan dit burua nahiko lasai duela, badakiela zergatik dagoen hor. Badakiela erabaki guztiz politikoa dela, eta ez duela ulertzen egoera politiko honetan horrelako erabaki bat hartzea; ez dela lagungarria prozesuari begira. Baina tira, berari egokitu zaiola eta badakiela hor egongo dela.
Nola jaso du bere atxiloketak eragin duen zurrunbiloa?
Iparraldean sortu den mugimendua kontatu diodanean oso pozik jarri da. Asko eskertu du lehenago egin duten lana eta orain egiten ari direna. Eta aska dezaten lortzeko ekinbide juridikoak egiten diren bitartean mobilizazio eta presio soziala egiteko eskatu du Aurorek; garrantzitsua izango dela komentatzen egon gara. Hark ikusten du Iparraldean badagoela oso erantzun zabal eta sakona.
Zenbait hedabidek plazaratu dute ez zutela errepide kontrol arrunt batean atxilotu. Argitu dizu nola izan zen atxiloketa?
Kontrol arrunta iruditu zitzaiola esan dit: bera gelditu aurretik beste auto bat ere gelditua zutela jendarmeek, karneta eskatu eta datuak baieztatzera joan zirela, eta orduan konturatu zirela Aurore zela. Orduan atxilotu zutela eta orduan kaleko jantzitako beste pertsona bat iritsi zela. Esaten du bere irudipena hori izan zela baina, tira, oker egon daitekeela. Martinek dio bizimodu normala egiten egon den bitartean Polizia bere etxe ondotik pasatzen zela, egunero ikusten zituela, eta kontrol hau beretzat arrunta zela. Gainera, komentatu dit oso arrunta iruditu zitzaiola, hasieran aukera izan zuelako telefonoz deitzeko. Ahizpari deitu zion.
Ahizparekin hitz eginzuen?
Deitu zuen, baina ahizpak telefonoa itzalita zuen, eta ezin izan zuen hitz egin. Kontatu du atxilotu ondoren —jendarmeen esku lehenengo, eta guardia zibilen esku gero— tratu egokia jaso zuela.
Espetxeratzearen aurkako helegitea aurkeztu duzu Auzitegi Nazionalean. Kaleratuko dutela uste duzu?
Lehenengo helegitea espetxeratzea agindu duen epaile beraren aurrean jartzen da, eta beraz, oso zaila da erabakia atzera botatzea. Gero, apelazio helegitea jarrita, Auzitegi Nazionaleko sala batera iristen da auzia. Hor aukera gehiago egon daitezke. Baina, tira, ez dakit zer esan. Nik dakidana da erabaki hau ez dela juridikoa. Eta erabakiak ez direnean juridikoak, oso zaila da teknikoki aztertzea; are zailagoa pronostiko bat egitea. Legea eskuetan, ez dago inolako arrazoirik Aurore kartzelan izateko, baina erabaki hau ez da hartu legean oinarrituta. Erabaki hau hartu da Batasunaren aurka dagoen prozedurarekin lotuta. Halako prozedura politikoek inoiz ez dute izan zentzurik, baina, gaur egun, askoz gutxiago. Baina hor dago. Juridikoki egin beharreko guztia egina dago, eta egingo dugu, baina oso garrantzitsua izango da kaleko mobilizazioa. Kalean Aurorek izan duen babesa garrantzitsua da erabaki hau atzera bota eta Aurore kalean egotea lortzeko.
Ipar Euskal Herrian zurrunbilo handia sortu zuen espetxeratzeak, eta ezin ulertua da nagusi. Zer-nolako egoera dago orain?
Uste dut, orokorrean, euskaldunok ez dugula ulertzen. Alde batean, bake prozesu baterako bidean alde bakarreko aurrerapausoak ematen ari dira eta Aieteko Konferentziak esandakoaren ildotik aurrera egiten; beste aldean, berriz, ez da ulertzekoa Espainiako eta Frantziako estatuek kasurik ez egitea aditu horiek emandako gomendioei. Gaur egun ez dauka zentzurik pertsona bat kartzelan sartzea prentsaurrekoak egiteagatik, bileretan egoteagatik eta lan politikoa egiteagatik. Auroreri leporatzen diotena da lan egitea legezko alderdi batean, bere herrian. Eta, Aurore egiten ari dena Frantziako Estatuan legezkoa bada, ez da ulertzen zergatik onartu duten Espainiaratzea Frantziako Estatuko herritar bat bere jarduera politiko legezkoa egiteagatik. Horren aurrean, gu lege aldetik egin beharrekoak egiten ari gara, baina, hori aldatzeko, gizartea mobilizatu behar dela uste dut. Eta hori egiten ari da Iparraldeko jendea: antolatu, azalpenak eskatu, eta, batez ere, exijitu Aurore kalean egoteko, orain arte egin duen lana aurrera eramateko eta amaiera arte gauzatzeko.
Espetxeratze autoak dio epaiketa gertu egon daitekeela. Laster espero da Batasunaren aurkako epaiketa?
Ez. Ez dago inongo daturik hori pentsatzeko. Egia da auzia salan dagoela, baina salan dagoenetik ez da egin inolako mugimendurik.
Jone Goirizelaia. Aurore Martinen abokatua
«Iparraldean egiten ari direna eskertu, eta presio soziala eskatu du Aurorek»
Martin espetxeratzeak lege oinarririk ez duela badakiela dio Goirizelaiak; beraz, askatzeko giltza mobilizatzea dela. Kartzelako bisitan, presoak esan dio bat egiten duela interpretazio horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu