Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia zenaren hilketaren harira, Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak deklaratzera deitu zituen gaurko Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu. Auzia epaitua dagoen arren, Blanco hil zuten garaian (1997ko uztailean) ETAren zuzendaritzan kokatzen dituztenek erantzukizunik baduten ikertzen ari da Garcia Castellon, baina Iparragirrek eta Albisuk uko egin diote deklaratzeari. Azaldu dute betea dutela Frantziako Estatuan ezarritako zigor osoa.
Saioaren amaieran, Auzitegi Nazionala zabaltzen ari den prozeduren «larritasuna» salatu du Amaia Izko abokatuak, «Auzitegi Nazionalean prozedurak irekitzen ari direlako ETA erakundean arduraren bat izan duten horien kontra». Kausa horiek ez dute «inongo oinarririk, ez legislazioan, ez jurisprudentzian», Izkoren esanetan.
Ikusi gehiago:Gisasola, Abad eta Martinez euskal preso ohiak berriz epaitzeko agindu du Gorenak
Abokatuaren arabera, Auzitegi Nazionalaren jarduerak gogora dakar «ingeniaritza juridikoa delakoaren garairik okerrena, non frogak artifizialki asmatzen, inputazioak artifizialki sortzen eta lege guztiak bihurritzen ziren, eta, ondorioz, eskubideak birrintzen». Garai horretan «ETAren aurkako borrokaren aitzakian» egiten zen hori, baina orain «larriagoa» dela uste du Izkok: «Bakarrik izan daitekeelako mendekuagatik edo Auzitegi Nazionalean irabazteagatik kontakizunaren bataila, sozialki eta politikoki irabazi ezin dutena».
Akusazioek —Dignidad y Justicia eta AVT elkarteek eta PPk— Albisurentzat badaezpadako neurriak hartzeko eskatu dute; pasaportea kentzeko eta Espainiako Estatutik irtetea debekatzeko. Neurri horiek jada ezarriak dizkiote Albisuri, ordea. Iparragirre, berriz, preso dago, eta bideokonferentzia bidez deklaratu du.