Iparragirre une batetik bestera hil daitekeela ohartarazi dute medikuek

Erredakzioa
Bilbo
2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ibon Iparragirre euskal presoaren osasuna «mugara» iritsi dela salatu zuten atzo Bilbon, Sarek, Etxerat-ek, Iparra Galdu Baik eta sindikatuetako ordezkaritza zabal batek deitutako elkarretaratzean. Angelita Burgoa presoaren amak jakinarazi zuen Iparragirre artatzen duen mediku taldeak ohartarazi duela «bihar edo datorren astean» hil daitekeela, eta «berehala» utzi behar dutela aske. Medikuek Jose Luis Castro epilearekin hitz egin dute, baina hark ez diela kasurik egiten salatu zuen Burgoak.

Atzoko protestan, ELA, LAB, CCOO, Steilas, Hiru, UGT, Etxalde, EHNE, eta ESK sindikatuetako ordezkariek parte hartu zuten. «Ez dugu utziko Ibon Iparragirren kartzela hil dadin; berehala askatu behar dute», adierazi zuen Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak. ELAko ordezkari Leire Txakartegik, berriz, Espainiako Gobernuaren «mendeku politika» salatu zuen, eta euskal erakundeei engaiatzeko eskatu zien, gaixorik dauden presoak aske gera daitezen.

Madrilen ere, preso ondarroarraren egoera hizpide izan zuten Senatuko barne gaietarako batzordean. EH Bilduko senatari Jon Iñarrituk galdera egin zion Segurtasunerako Estatu idazkari Jose Antonio Nietori Iparragirreren inguruan. Nietok onartu zuen presoaren bizitza «arriskuan» dagoela, baina Iparragirre bera dela botikak hartzeari uko egiten diona, eta tratamenduari berriz ekingo balio, «gaixotasunari eutsi eta bizitza luzea eduki» ahal izango lukeela. Nolanahi ere, ukatu egin zuen Espainiako espetxeetan «hiltzeko arriskuan» den presorik dagoela.

Sareren jardunaldiak

Bestalde, atzo amaitu ziren Sarek espetxe politikaren inguruan Gasteizen antolatutako hiru egunetako jardunaldiak. Bakearen artisauak: gizarte zibila gatazkaren konponbidean lelopean, mahai ingurua egin zuten Agus Hernan, Anaiz Funosas eta Fernando Armendarizen artean. Joseba Azkarragak gidatu zuen eztabaida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.