Ipar Irlandatik eta Italiatik Espainiara joandako lekukoek defendatu zuten atzo 18/98ko auzipetuen errugabetasuna. Sinn Feineko legebiltzarkide eta Belfasteko alkate ohi den Alex Maskeyk eta Italiako San Egidio komunitateko Matteo Zuppik Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiari adierazi ziotenez, aspaldidanik dituzte HBko zein Batasuneko ordezkariekin harremanak. Harreman horien baitan, Elena Beloki eta Miriam Campos auzipetuekin bildu izan direla baieztatu zuten, beti ere alderdi politikoko ordezkari gisa eta euskal gatazkari irtenbide elkarrizketatua bilatu nahian.
Zuppik berak azaldu zuenez, elizarekin lotura duen komunitateko kide gisa, hainbat herrietako gatazkak konpontzeko helburuz bitartekari gisa aritu izan da azken urteetan Libanon, Ugandan, Burundin eta Algerian, besteak beste. Euskal alderdiekin ere bildu izan da, bertako egoera ezagutu eta gatazka gainditzen lagundu nahian. Beloki eta Camposekin politikari buruz hargatik aritu dela azaldu zuen.
Maskeyk ere ezagutzen ditu Beloki eta Campos, Batasunarekin izandako harremanei esker. Sinn Fein eta HB edo Batasuna elkarlanean aritu izan direla azaldu zuen, betiere «gatazka bide baketsutik, elkarrizketa bidez nola konpondu zitekeen aztertzeko».
Bestetik, euskal gatazkaren izaera politikoa nabarmendu zuen ordezkari irlandarrak eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatu. Areago, Euskal Herrian abiatutako prozesua babes dezala ere galdegin zion Espainiako Gobernuari eta, bide horretan, 18/98 bezalako epaiketa politikoak eteteko.
Horrenbestez, lekukoen fasea amaitutzat eman, eta adituen txandari ekin zitzaion. Perituen atalari ekiteak, abokatuen eta epaimahaiaren arteko liskarrak eragin zituen. Izan ere, akusazioak peritu gisa aurkeztu dituenak guardia zibilak, Espainiako poliziak eta ertzainak dira. 18/98 auzian aktiboki parte hartu dutenak.
Eta, defentsa lanetan ari direnek epaimahaiari azaldu ziotenez, auzian zerikusi zuzena duten pertsonak ezin direla peritu izan jasotzen du legeak. Beraz, atzoko saioan aurkeztu ziren guardia zibilak peritu gisa ez onartzeko eta saioa eteteko eskatu zuten. Azkenik, baina, haien tesia azaltzeko eskatu zien guardia zibilei epaimahaiak.
Modu nahasian egin zuten deklarazioa, 11guardia zibilek taldean azaldu baitzuten haien tesia mahai ingurua bailitzan. Akusatuek, Torturari stop zioten elastikoak erakusten zuten.
Guardia zibilek, ENAM guztia ETAren zati dela defendatu, eta tesi hori duela hamar urte eraikitzen hasi zirela onartu zuten.
Ipar Irlandako eta Italiako lekukoek azaldu dute epaituen lana politikoa eta baketzearen aldekoa zela
Perituen txanda hasi da '18/98' epaiketan eta guardia zibilek «guztia da ETA» tesia defendatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu