Herriko bozak

Ipar Euskal Herriko udal bozetako emaitza guztiak emango ditu igandean BERRIAk

Iparraldeko Euskal Hedabideek elkarlanean antolatu dute hauteskunde gaualdia. Telebista saio bat ere ikusgai izango da emaitzen berri izateko.

Hauteskundetako afixa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
2020ko martxoaren 13a
13:54
Entzun

Ipar Euskal Herrian hurrengo agintaldiko auzapezak aukeratuko dituzte igandean. Herriko bozen lehen itzulia egingo da, eta BERRIAk, Euskal Herriko beste hauteskundeekin egin ohi duen bezala, herri guztietako emaitzak jasoko ditu hauteskunde gauean. Iparraldeko Euskal Hedabideek elkarlanean antolatu duten gaualdiaren emaitza da: BERRIA, Iparraldeko Hitza, Euskal Irratiak, Kanaldude, Herria eta Kazeta.eus.

Lan horri esker, bozkalekuak itxi eta berehala hasiko dira ematen emaitza guztiak. Hiri eta lehia nagusien kasuetan, gasna banatan bilduko da zenbat boz eskuratu dituen zerrenda bakoitzak. Horrez gain, BERRIAren, Hitza-ren, Euskal Irratien, Kanalduderen eta Herria-ren webgunetan herriz herri emaitzak zeintzuk izan diren ikusi ahal izango da, elkarlanari esker.

Grafiko, taula eta gasnetan ez ezik, Ipar Euskal Herriko mapa batean geolokalizatzen ahalko dira datuak. Mapa bisualizazio osagarri bat izango da. Batetik, erakutsiko du non aldatu den auzapeza aurreko agintaldiarekin alderatuta. Bestetik, edozein herri izenetan klikatuz, herri horretako emaitzak eskainiko ditu. Lehen itzulian bozak erabakita geratzen diren herri edo hirietan hautetsiak nola banatuko dituzten ikusi ahal izango da. Bigarren itzuli bat behar izanez gero, bigarren itzuli horretara zer zerrenda edo hautagai pasatuko den adieraziko da. Herritarrek Euskal Elkargorako hautatu dituzten ordezkarien izenak ere erakutsiko dira.

Emaitzak emateko elkartzeaz gain, zuzeneko telebista saio bateratua ere egingo dute Euskal Hedabideek. 19:30ean hasiko da, eta, horretarako, plato bat prestatu dute Uztaritzen (Lapurdi). Herriko etxe hauetatik eginen dituzte konexioak: Baiona, Maule, Donibane Lohizune (Lapurdi), Ziburu (Lapurdi), Hendaia (Lapurdi), Donapaleu (Nafarroa Beherea), Itsasu (Lapurdi) eta Hazparne (Lapurdi). Beste herri askotan egongo dira kazetariak, bertan gertatzen denaren berri emateko.

Gauaren bigarren partean, gonbidatuak izango dituzte platoan, emaitzen analisia egiteko. Era berean, zenbait hautagai egongo dira platoan balorazioak egiteko. Orotara, aipatutako komunikabideen 30 kazetari eta teknikari baino gehiago arituko dira lanean saioa egiteko.

BERRIA eta Ipar Euskal Herriko Hitza astekariko kazetariek, halaber, hauteskundeen ondorioen berri emango dute zuzenean gaualdi osoan. Hiru kazetari ariko dira Baionako ordezkaritzako bulegoetan Berria.eus eta Iparraldekohitza.eus atarietarako idazten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.