Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Dassault eta Lauak enpresak seinalatu ditu, eta «gerlarekin negozioa» egiten dutela salatu

Paperezko gorputz bat ezarri dute enpresa bakoitzaren aitzinean, eta pintura gorriz estali. Bi enpresak aeronautika eraikuntzan aritzen dira, eta sortzen dituzten piezetarik anitz gerrarako erabiltzen dira gero.

Lauak aeronautika enpresa, Hazparnen, IEHKSk ekintza egin ondoan. BERRIA
Lauak aeronautika enpresa, Hazparnen, IEHKSk ekintza egin ondoan. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko apirilaren 24a
11:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ekintza bat egin du gaur goizean Dassault eta Lauak aeronautika enpresen seinalatzeko, Angelun (Lapurdi) eta Hazparnen (Lapurdi): «Enpresa horiek negozioa egiten dute gerlarekin». Hain zuzen ere, aeronautika eraikuntzako enpresak dira, eta sortzen dituzten piezetarik anitz gerrarako erabiltzen dira gero; Frantziak, adibidez.

Enpresa bakoitzaren aitzinaldean gorputz baten paperezko errepresentazioa utzi dute, eta tindu gorriz estali dute gero; baita enpresetako aitzinaldeak ere. Gerletan egunero hiltzen diren biktimei erreferentzia egin diete.

IEHKSren ustez, «berrarmatzea» behar gisa sustatzen dute estatuek, baina behar faltsua da: «Ustezko behar horrek gutti batzuen interes inperialistei baizik ez die mesede egiten. Langileontzat, gerlara eramaten gaituzten politikarien parean alternatiba iraultzailea osatzea da ezinbesteko beharra, esplotaziorik eta gerlarik gabeko jendarte baten alde».

Bide horretarik, maiatzaren lehenerako antolatu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute berriz. Baionako herriko etxetik abiatuko da manifestaldia, 16:00etan, Gerla inperialistari ez! lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.