Lapurdiko kostaldeko garraio publikoen eskaintza %20 emendatuko da 2025eko urtarrilean

RATPdev enpresa pribatuak irabazi du zona horretako garraio publikoen merkatua aurten. Batez ere, autobusen maiztasuna handitzeko xedea dute, eta iragarri dute jendea enplegatu beharko dutela horretarako.

Elkarlan berriari buruzko agerraldia egin dute goizean, Baionan. BERRIA
Elkarlan berriari buruzko agerraldia egin dute goizean, Baionan. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai.
2024ko irailaren 3a
18:00
Entzun

30 bat autobus gidari, bost bat pertsona mantentze lanetan aritzeko, beste hainbeste segurtasunean: orotara, 50 bat pertsona gehiago kontratatu beharko ditu RATPdev enpresak Ipar Euskal Herriko kostaldeko garraio publikoen eskaintza %20 emendatzeko, hitzeman zuten bezala, 2025eko urtarrilaren 6rako.

Txik Txak Ipar Euskal Herriko garraio publikoen sarearen kostaldeko eremuaren kudeaketan abiatu berria da RATPdev, RATP Parisko garraioen konpainia autonomoaren adarra. Joan den otsailaren 29an, SMTC Garraio publikoen sindikatu mistoak aho batez erabaki zuen kontratua RATPdev-rena izatea 2032ra bitarte. Kudeaketa irailaren lehenean abiatu berria da, eta haren aurkezteko prentsaurrekoa egin dute goizean Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, Jean Castex RATPko buruak —Frantziako lehen ministro ohia—, eta Jean-François Irigoien Euskal Hirigune Elkargoko garraio sindikatuaren lehendakariak: zortzi urte eta lau hilabete iraunen duen engaiamenduaren nondik norakoak aurkeztu dituzte.

«RATPdev da gehien erakarri gintuena, batez ere autobusen maiztasunari begira, ordutegi zabalagoei esker, eta tranbus eskaintzaren indartzeari zegokionez»

JEAN FRANÇOIS IRIGOIENEuskal Hirigune Elkargoko garraio sindikatuaren lehendakaria

«Negoziazioak aitzina zihoazela, RATPdev da gehien erakarri gintuena, batez ere autobusen maiztasunaren arloan, ordutegi zabalagoei begira, eta tranbus eskaintzaren indartzeari zegokionez», azaldu du Irigoienek. Zenbait datu konkreturekin jarraiki du: «Eskaintza, urtean bederatzi milioi kilometrokoa izan ordez, hamarrekoa izango da. 2023an, hamabi milioi jendek erabili zuten Txik Txak, eta errekorra izan zen; eta, 2024ko sei lehen hilabeteetan, jadanik, bidaiariak %13 emendatu dira 2023ri begira». Baina jende gehiagoren parean dagokion eskaintza beharrezkoa da, eta RATPdevekin egitear diren zenbait hobekuntza zerrendatu ditu gero: «Tranbusen maiztasuna hamabost minututik hamarrera pasatuko da T1 linearendako; autobusak gehituko ditugu goizean goiz eta arratsetan berant; hirugarren linearekin, Baionatik Donibane Lohizunera [Lapurdi] joaten ahalko da hamabost minutuan —orain 30 dira—, eta Donibane Lohizunetik Hendaiara [Lapurdi] 30 minutuan —orain oren bat behar da—...».

Castexek hartu du hitza gero, RATPren izenean, eta Euskal Hirigune Elkargoak eta sindikatuak inposatu dituen epeak azpimarratu ditu: «Anbizioa dute zerbitzu publikoaren hobetzeko egunerokoan, berdetzeko gogo bat... [2032ra bitarte, autobus guztiak elektrikoak izateko asmoa dute]. Ahaleginak eginen ditugu gure aldetik». Helburu materialez harago ere mintzatu da: «Elkarrizketa soziala, bizi kalitatea lanean...horiek gure balioetan sartzen dira». Eta beharrezkoa izanen zaie, zeren behin baino gehiagotan greban sartu izanak baitira Txik Txak sareko langileak azken urteetan, lan baldintza duinagoen eske.

Eskaintza zer preziotan?

Hainbeste hobekuntza egiteak, ezinbestean, gastu handiak dakartza. Irigoienek azaldu du aurreikusi duten gastuen orekatzea: «Elkargoak azken aurrekontua bozkatzean erabaki zuen moduan, bere gain hartuko du hiru milioi euroren aldea». Eta Amelie Le Fauconnier Txik Txak sareko zuzendari berriak hitza hartu du azkenik, bestelako diru sartze posibleen inguruan, egiteko asmoa duten aldaketei begira: «Engaiatu gara jende gehiago izatera, eta hortik ere dirua atera daiteke. Engaiamenduak handiak dira, baina, beraz, guri dagokigu horiei erantzutea, guri dagokigu jende gehiago autobusetan sartzea, eta hori zerbitzuaren kalitateari esker lortzen da, batez ere: autobusak tenorez izatea, garbitasuna... Horren arabera ere pentsatzen ditugu lineak: lurraldearen eta biztanleen beharrei erantzuteko».

Eta, Ipar Euskal Herria ez baita kostaldean gelditzen, eremu zabalago batean hedatzen da Txik Txak sarea: orotara, 161 herri biltzen ditu —Landetako hiru herri barne—, 300 kilometro koadroko periferia du, eta, 335.000 jende hunkitzen ditu. 2020an Txik Txak proiektua abiatu zenean, 26 zonatan antolatu zuten sarea, baina, oraingoan, hiru besterik ez dituzte bereizten: Ipar Euskal Herriko kostaldea, Lapurdi barnealdea, eta, Ipar Euskal Herriko barnealdea; Lapurdi barnealdea Transdev Sa eta Hiruak Bat enpresek kudeatuko dute, eta Ipar Euskal Herriko barnealdea, berriz, Hiruak Batek baizik ez. Etxegaraik erran du zenbait aldaketa eginen dituztela eremu horietan ere, eskaintzaren hobetzeko.

12.000.000

 

Zenbat bidaiari ibili diren Txik Txak sareko garraio publikoetan 2023an. Aurten, datuak oraino altuak izatea espero dute, jakinez aurtengo lehen sei hilabeteetan jadanik %13 emendatu dela kopurua iazkoarekin alderatuta.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.