Ipar Euskal Herriko ikastetxeetako harrera protokoloa arindu dute

Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak iragarri du ekainaren 22tik aitzina ikasle guztiek itzuli beharko dutela eskoletara, lizeokoek izan ezik. Segurtasun eta higiene neurriak erraztu dituzte, ikasle guztien harrera bermatzeko.

Baionako Estitxu Roble Arangiz kolegioko ikasleak segurtasun tarteekin. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko ekainaren 18a
10:41
Entzun

Ekainaren 22an sartuko dira Ipar Euskal Herriko ikasle guztiak ikastetxeetara. Maiatzaren 11tik goiti, pixkanaka sartu ziren ikasleak, mailaz maila. Segurtasun tarteak errespetatu behar izan dituzte, eta gela bakoitzeko ikasleen erdia egon zitekeen presente —gisa horretan segituko dute lizeoetan—. Lehen hezkuntzako eta kolegioetako ikasle guztien harrera egin ahal izateko, protokoloa arindu du Frantziako Gobernuak eta neurri berriak plantan eman ditu.

Hala, segurtasun tarteak arindu dituzte: ama eskolan, aurrerantzean ikasleek ez dute lau metro koadroko distantzia errespetatu beharko elkarren artean. Ahal den heinean, lehen maila eta kolegioetan. metro bateko tartea mantendu beharko dute, baina. ikasgela txikiegia delarik, ez da beharrezkoa izanen segurtasun tarteak atxikitzea. Kasu horretan, 11 urte baino gehiagoko haurrek maskara jantzi beharko dute.

Bestalde, kanpoko eremuetan, segurtasun tartearen bermatzea ez da beharrezkoa izanen aurrerantzean. Hala ere, talde desberdinetako ikasleek ez dute elkar gurutzatu beharko ikastetxe barnean. Maskara derrigorrezkoa izanen da langile eta irakasle guztientzat. Ikasleek, berriz, ikastetxe barneko leku aldatzeetan jantzi beharko dute, klasean distantzia ezin bermatua delarik. Oro har, elkar gurutzatzea saihesteko, ordutegiak egokitu beharko ditu ikastetxe bakoitzak. Irakasle zaurgarriek debekatua izanen dute lanera itzultzea.

Garbiketa protokolo berezia ere zehaztu du Frantziako Gobernuak. Ikasgelak aireztatu beharko dituzte egunean hainbat aldiz. Langileek garbiketa egunero egin beharko dute, eta, ikasleek partekatzen duten materiala ere desinfektatu beharko dute egunero, gutxienez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.