Ipar Euskal Herriko ikasleen %67k ez dute harremanik euskararekin

Frantses elebakarra da eredu nagusia, oro har; lizeoan, hamarretik bederatzi ari dira frantses hutsean. Ama eskolan eta lehen mailan dira euskarazko irakaskuntzaren daturik onenak.

Baionako Aristide Briand eskola, aurtengo ikasturte hasieran. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako Aristide Briand eskola, aurtengo ikasturte hasieran. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko abenduaren 7a
05:00
Entzun

Ipar Euskal Herrian eskolatuak diren ikasleen %66,9k ez dute inolako harremanik euskararekin. Hala erakusten dute Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaritzak 2024-2025eko ikasturterako eman dituen datuek. Ama eskolatik lizeora bitarteko mailetan 52.367 ikasle izanen dira aurten orotara, eta frantses elebakarrean arituko dira horietako gehienak. Euskarazko irakaskuntzan doi bat datu hobeak badira ere, azken bost urteetan ez da sumatu funtsezko bilakaerarik. Bai sare publikoan eta bai pribatuan, ama eskolan euskara hutsean aritzeko hautua egiten dutenak gero eta gehiago dira, eta, lehen mailan, elebiduna emendatu da. Ikastoletan, bigarren mailan ikusten da emendatzerik handiena. 

Ez da erraza Ipar Euskal Herriko irakaskuntzaren datuak eskuratzea. Duela bost urte hasi zen BERRIA eskaera egiten, eta, orduan, EEP Euskararen Erakunde Publikotik jaso zituen. Gerora, erakunde publikoak datuen berri emateari utzi dio. Iaz, Bordeleko errektoretzak plazaratu zituen, baina, geroztik, duda sortu da eman zituzten datuak zuzenak ote ziren: epeak ikusita, badirudi duela bi urteko datuak zabaldu zituztela. Aurten, akademia ikuskaritzara jotzea erabaki zuen BERRIAk. Urri hasieran egin zen lehen eskaera, eta bi hilabetez harremanetan izan ondoren, azaro bukaerarako jakinarazi zituzten datu zehatzak azkenean. Iturrien nahasteak zailtzen du aztertzea urte batetik bestera zer bilakaera izan den. 

Ama eskolan eta lehen mailan dira gaur egun datu onenak euskararen ikuspegitik: EEPk hor egin du indar handiena azken urteetan. Ipar Euskal Herriko eskolen %66k proposatzen dute mota bateko edo besteko euskarazko irakaskuntza. Ama eskolan sail elebiduna doi bat apaldu da, baina ikasgelan osoki euskaraz —infografian, %100 Euskaraz— ari direnen kopurua azkarki emendatu da: 1.009 ikasle ziren 2019ko sartzean, eta 1.621 dira aurten. Ikastoletako murgiltze ereduan eskolatuak direnen hein berean gelditu dira. Halarik ere, ama eskolan diren ikasleen erdiak frantses hutsean ari dira oraindik. 

Lehen mailan euskarazko irakaskuntzan diren aukera guziak emendatu dira: puntu bat gehiago murgiltzean (%10,3), bi puntu gehiago elebidunean (%29,9). Azken urteetan, %100 euskaraz egiten dutenak ere badira: %0,4 dira. Irisarriko eskola publikoko ikasleak dira hor, besteak beste: lehen urtean, euskara hustean dituzte lehen hiruhilekoko eskola orduak; ondoren, %75 eginen dituzte euskaraz, hirugarren urtea bukatu arte. Laugarren eta bosgarren urteetan, oren parekotasunean oinarritutako elebitasunarekin segituko dute. 2023ko ikasturte hasieratik proposatzen dute formula hori. Oraingoz, ez da hedatu gainerako eskoletara. Lehen mailan ere frantses elebakarrak dira nagusi (%58,6), proportzioa doi bat apaldu bada ere.

Bigarren mailan, eskas

Bigarren mailan du euskarazko irakaskuntzak funtsezko arazoa. Lehen mailan euskaraz hasten diren anitzek uzten dute bide hori kolegiora heltzean, eta zenbateko hori gutxi apaldu da azken urteetan. Bai publikoan eta bai pribatuan, elebidunean den ikasle kopurua emendatu da, baina elebakarrean direnak ere hein berdintsuan ugaritu dira. Ikasturte honetan, %70,4 izanen dira frantses hutsean arituko direnak. 

Lizeoan are okerragoa da datua: baxoa prestatzen duten hamar ikasletik bederatzi ari da frantses hutsean. Euskarazko irakaskuntzan ari direnak arras gutxi dira: %4,8 dira euskarazko murgiltzean ari direnak, eta %5,1 sail elebiduna hautatua dutenak. 

Nabarmentzekoa da, hala ere, Seaskak zer bilakaera izan duen bigarren mailan azken urteetan. Kolegioan ikasle batzuk gehiago ditu —bost ikastetxe dituzte gaur egun—, baina Bernat Etxepare lizeoan nabari da emendatzerik handiena. Lanbide heziketako saila ireki dute azken urteetan, eta ikasle kopurua azkarki emendatu da. 363 ikasle ziren, eta, bost urteren buruan, 534 dira. 2017an ireki zuten Baionako lizeo berria, eta jadanik txiki gelditu da. Lantalde bat gogoetan hasia da beste lizeo bat irekitzeari buruz.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.