Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazi du «ikasle guztiak derrigorrez eta ohiko baldintzetan» itzuliko direla ikastetxeetara ekainaren 22an, ikasturtea amaitzen denera arte. Agerraldi bat egin du, eta esan du Frantziak «lehen ekitaldiaren orrialdea pasatu» duela, eta bizkortu egin behar dela normaltasunaren itzulera eta ekonomiaren suspertzea.
Frantziako Gobernuak bertan behera utziko du orain arte ezarritako gehiengo ikasle kopurua, eta murriztu egingo ditu beharrezko segurtasun tarteak. Orain arte, lau metro karratuko ikasle bakar bat egon ahal zen gelan. Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroak azaldu du, ordea, datorren astetik aurrera nahikoa izango dela ikasle batetik bestera metro bateko tartea egotea. Ikasgelako hamabost lagun egoteko muga ere desagertu egingo da. Haurtzaindegi, lehen mailako eskola eta kolegioetan sartuko da indarrean protokolo berria. Lizeoetako ikasleak, ordea, ez ditu aipatu Macronek, segurtasun neurriak orain artekoak izango dira ikasturtea amaitu arte ikastetxe horietan.
Bi aste iraungo du neurri horrek. Izan ere, uztailaren 4an hasiko dituzte oporrak ikasleek. Halere, Blanquerrek beharrezkotzat jo du, gazteek martxotik irailera arteko «parentesi bat» izan ez dezaten. Haren esanetan, eskolara itzultzea «psikologia aldetik garrantzitsua» da, eta «arrisku gutxiago» du etxean geratzeak baino. Neurri berriak bihar zehaztuko ditu Frantziako hezkuntza ministroak.
Neurri gehiago
Gainera, zahar etxeetako egoiliarren senideek haiek ikustera joateko baimena izango dute egun horretatik aurrea.
Macronek adierazi du Frantziaren esku dauden lurraldeetako herritarrek Europako Batasunaren barruan mugitzeko baimena izango dutela gaurtik aurrera, Espainiaren esku dauden lurretara izan ezik. Errepikatu du herriko bozen bigarren itzulia ekainaren 28an egingo dutela.
Ekonomiaren suspertzeaz esan du «etorkizuneko enplegua» sortu behar dutela, trantsizio ekologikoa kontuan hartuta, eta hitzeman du ez dituela zergak igoko osasun krisak eragindako gastuei aurre egiteko.