Ipar Euskal Herriko elkarte irratiek agerraldia eginen dute gaur, FSER funtsaren murrizketa dela eta

Euskarazko eta erdarazko bederatzi irratiak elkarturik agertuko dira arratsalde hasieran, Uztaritzen, Frantziako Gobernuak irrati libreen funtsean egin nahi dituen murrizketak salatzeko.

Irulegiko Irratiaren estudioak. GUILLAUME FAUVEAU
Irulegiko Irratiaren estudioak. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko urriaren 25a
12:00
Entzun

Duela bi aste jakin zen Michel Barnier (Errepublikanoak) Frantziako lehen ministroaren gobernuak FSER Frantziako irrati libreen funtsetik 10 milioi euro kendu nahi zituela aurtengo Finantza Lege berrian. Hunkiak liratekeen 750 irrati libreen eta dagozkien eskualdeetako hautetsien kexua piztu zuen berriak. Geroztik, Fronte Popular Berriko diputatuek zuzenketak bozkarazi dituzte aste honetan Frantziako Asanblea Nazionaleko Kultura Batzordearen elkarte irratien funtsa berriz bere heinera ekartzeko, baita handitzeko ere. Batzordeak onartu egin ditu zuzenketak, eta Asanblea Nazionaleko saio orokorrean berriz aipatuak izan behar lukete, non eta ez duen Barnierren gobernuak konstituzioko 49.3 artikulua erabiltzen bere xedea bozkarik gabe onarrarazteko.

Ipar Euskal Herriko bederatzi elkarte irratiek, arte horretan, agerraldia eginen dute sarri beren kezka adierazteko. Xiberoko Botza, Antxeta irratia, Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Radio Mendililia, Star Radio, Lapurdi Irratia, Mediabask radio eta Radio Bonne Humeur elkarturik mintzatuko dira, Uztaritzen. «Lege proiektua den bezala onartuz gero, gure langileak eta gure hedapena arriskuan lirateke» diote irratiek. Betetzen duten rola oroitarazi dute agerraldirako deialdian. «Hurbileko hedabideak gara, lekuko informazioa zabaltzeko aukera ematen dugunak, egunerokoan aukera gutiago dutenei hitza» emanez.

Gehiago dena, Euskal Irratien kasuan, «euskararen erabilpena sustatzeko» daramaten lana azpimarratu dute, «euskararen transmisiorako eta bizitasunerako eragile baitezpadakoak» direla oroitarazita. FSER funtsaren murrizketak, azkenik, «43 urte hauetan egin lan guzia zalantzan ezartzen» duela deitoratu dute.

Ondoko urratsei buruzko xehetasun gehiago eman behar lituzkete arratsaldeko agerraldian irratiek berek eta haien ordezkari Frantziako Irrati Libreen Sindikatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.