Ipar Euskal Herriko elkargo bakarraren aldeko «ideien borrokan» sartu nahi du Batera-k. «Sartu, eta irabazi. Urtebete dugu konbentzitzeko», erran du Jakes Bortairu Batera-ko kideak. Horretarako, urte bat iraunen duen kanpaina bat adostu zuen herritarrez osatu plataformak osteguneko biltzar publikoan.
Urte baten buruan, Lapurdiko, Baxenabarreko eta Zuberoako 158 herri kontseiluek elkargo bakarraz zer dioten bozkatuko dute. Egituren berritzeei buruz «dudak eta beldur handiak direla» jakitun dela adierazi du Batera-k. «Lehen aldiz, badugu aukera Ipar Euskal Herriak ezagupen instituzional bat ukan dezan. Aukera erreala da eskuen artean duguna. Ezin dugu huts egin».
Bost ideia nagusitan banatuko dute mezua. Ipar Euskal Herriak bere buruaren gobernatzeko egitura instituzional bat lor dezakeela, batetik, eta hortik «ezagupen instituzionala». «Eskumen inportantak» kudeatzeko aukera ukan dezakeen «lurralde indartsuago» bat izan daitekeela, gainera, eta horrek, «diru iturri inportantak» ekar ditzakeela,«antolatzen bagara». Hilabeteotan herri guztietatik pasatzeko asmoa dauka «Batera karabanak». Herritarrei mintzatuko zaie: «Giro bat sortu behar da».
Kanpainaren abiatzearen ekitaldi nagusia urriaren 24rako finkatua du. Euskal Konfederazioak Deiadar manifestaldia antolatuko du orduan. Estatutu bat aldarrikatuko du, bai euskararentzat eta bai lurraldearentzat.
Garapen Kontseiluak, berriz, Ipar Euskal Herriko elkargo bakarraren parioa berresteko baliatu zuen osteguneko bere biltzar nagusia. Gaiaren gizarteratzeko lanean ariko da irailetik aitzina, herritarrei eta eragileei begira.
Ipar Euskal Herriko elkargoaren alde kanpaina eginen du Batera-k
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu