EGI Euzko Gaztedi EAJko gazte taldeak egitura nazionala izango du aurrerantzean, Ipar Euskal Herriko taldea martxan baita berriz gaurdanik. Joan den asteartean aurkeztu zuten taldea, Larresoron (Lapurdi), eta gaur lehen bilkura egin dute Baionan, EGI egunaren baitan, eta Euskal Herriko dozenaka jeltzale gaztek hartu dute parte.
Ikusi gehiago
Festa kutsuko eguna izan da, eta bertan parte hartu dute, besteak beste, Aitor Esteban EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Pello Etxeleku IBB Ipar Buru Batzarreko presidente izandakoak. Estebanek politikan parte hartzeko deia egin die gazteei, eta alderdiarentzat «oso beharrezkoak» direla azpimarratu: «Oso garrantzitsuak zarete alderdiari argia emateko, garai berriak nondik doazen jakinarazteko, zuen kezkak gureganatzeko... Azpimarratu egin behar dituzue zuentzat garrantzitsuak diren gaiak».
EAJren buruak nabarmendu du EAJ dela gazteen ahotsa entzun eta aintzat hartzen duen alderdi bakarra. Eta, beraz, alderdiaren barruan lekua hartzeko ere eskatu die: «Alderdian gazteen presentzia ikusi behar da». Estebanek agindu du, hain zuzen ere, alderdiaren barruan behar diren aldaketak egingo dituztela horretarako.
Ipar Euskal Herriaren garrantzia ere azpimarratu du Estebanek, «Euskadi eraikitzeko». Bada, adierazi du EAJk «are indar handiagoz» egingo duela lan alderdia ezagutarazteko eta haren eragina areagotzeko, herritarren eguneroko kezkei eta beharrei erantzuna emateko helburuz.
Hain justu ere, alderdi jeltzaleak Ipar Euskal Herrian «dena dauka irabazteko», Etxelekuk adierazi duenez. Baina iparrorratza jarria dutela esan du. Bide horretan hau izango da lehen geralekua: datorren urtean egingo diren udal hauteskundeak. Haren hitzetan: «Ari gara hurrengo urteko hauteskundeak prestatzen, Kanbon zerrenda bat eratzen, eta gazteak sartuko ditugu postu inportanteetan».
«Hemendik 15 urtera EAJ izango da Iparraldeko alderdi nagusia», iragarri du Etxelekuk. Eta erronka gisa jarri ditu, halaber, Euskal Herriko herrialdeen arteko harremanak sendotzea, euskara biziberritzea, eta nola alderdiaren hala abertzaletasunaren ideiak zabaltzea.