Ipar Euskal Herriko ahotsa Parisi entzunaraztea du helburu EH Baik

Krisiari aurre egiteko aterabideak proposatuz, «benetako alternatiba» dela erakutsi nahi du koalizio abertzaleak

Lopepe, Hardouin, Etxeberri-Ainziart hautagaiak aitzinean; gibelean, haien ordezkoak. NICOLAS MOLLO.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herria Bai koalizioak bozgorailua du sinbolotzat hautaturik Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeentzat, «Ipar Euskal Herriaren onerako diren aldarrikapenak Parisi entzunarazteko» helburua dutelako. Atzo egin zuten prentsaurrekoa Baionan, boz horiei begira koalizioak izanen dituen hautagaiek: laugarren barrutian, Anita Lopepe aurkeztuko da, eta Xabi Duhalde ordezko; bosgarrenean, Laurence Hardouin, eta Peio Menta ordezko; eta seigarrenean, Peio Etxeberri-Ainziart, eta Marie Christine Elizondo ordezko.

Azaldu dutenez, ezker abertzaleak politikoki izate bikoitza izanki, hau da, abertzalea eta ezkerrekoa, hari horri segituz bi izateak dituzte kontuan hartuko, izan testuinguruari begiratzeko orduan, izan aldarriak eta proposamenak plazaratzeko orduan. Batetik, Euskal Herriak duen testuinguru politikoari begiraturik, gatazka politikoaren konponbidean Frantziako Estatuaren inplikazioa «ezinbestekoa» dela diote,besteak beste, euskal preso politikoen askatze prozesuari lotuz edota errepresio mota guztien desagertzea erabakiz.

Horrez gain, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren aldarria ere Parisera eramateko asmoa dute. Eskumen zabaleko instituzio berezia eskatzen du EH Baik, eta, Etxeberri-Ainziartek zehaztu duenez, «adostasun zabala» beharko dute, «Euskal Herria aho bakar batez mintza dadin Parisen».

«Normaltasunaren bidean», euskararen ofizialtasunaren aldarria ere entzunaraziko dute. Orokorki, «hauteskundeak herritarrek haien beharren entzunarazteko momentua izanki», bertako aldarrien bozeramaile izan nahi dute, Lopepek adierazi duenez.

Bestetik, sistema kapitalistaren krisia kontuan harturik, Europako estatuek harturiko neurriek «inongo aterabiderik ez dutela ekarri» gaitzetsi dute. Alderantziz, «desoreka handiak eta ondorio lazgarriak» dakartzatela deitoratzen dute: eskubideen murrizketak, langabeziaren emendioa, zerbitzu publikoen pribatizazioa eta abar. «EH Baik sistema horrekiko loturak hautsi nahi ditu, joko arau berri batzuk sortuz, non beharren kontzeptuak irabazien kontzeptua ordezkatuko duen, non politikak eta ekonomiak kontrol demokratiko zorrotz bat pairatuko duten». Pentsamendu global horrekin «deklinatu» nahi dituzte tokian toki haien ekintzak, hainbat problematikei erantzunez: etxebizitza, lana zein ingurumena. Horrela, ezker abertzalea «alternatiba sinesgarri bat» dela frogatu nahi dute. Egingo dituzten proposamenak barruti bakoitzari egokituko dizkiote.

Ideien jendarteratzea

Kanpainan «ideia abertzale eta ezkertiarrak jendarteratzea eta horien inguruko atxikimendu ahal bezain handia lortzea» dute helburu. Ipar Euskal Herrian abertzaleek duten «egiazko pisua elektoralki agerrarazi» nahi dute: «Abertzaleok egunerokoan, dinamika eta hainbat arlotan gabiltza lanean, edo herri honen eraikitzen edo defenditzen mehatxatua delarik eta indar sozial hori elektoralki ere erakutsi nahi dugu». Emaitzez gain, lehentasunezkoak dituzten gaiak«eztabaida politikoaren erdian» kokatu nahi dituzte.

Ekainaren 10 eta 17an eginen dira Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Eskuinak eta zentroak osatu blokearen eta alderdi sozialistaren ondotik, hirugarren indarra da EH Bai, eta emaitza hori «berrestea» dute helburu. Bozen biharamunean ere lan eginen dutela jakinarazi zuten atzo, «eraman gai guztiak legearen bidez gauzatuak izan daitezen». Aldi honetan, AB eta Batasuna batu dira koalizioaren barnean, eta EAk Europe Ecologie Berdeekin joateko hautua egin du. Alderdietan ez dagoen jendea ere biltzen du EH Bai koalizioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.