Ipar Euskal Herriaren egituraketaz elkarrizketak segituko du Parisen

Herri bozen ondoren, eskaeraz eztabaidatzeko prest da Frantziako lehen ministroaren aholkularia

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriaren egituraketari buruzko eztabaidari ez dio atea hetsi Philippe Yvin-ek, Jean-Marc Ayrault Frantziako lehen ministroaren aholkulariak. Mezu horrekin itzuli ziren Paristik Hautetsien Kontseiluko eta Garapen Kontseiluko ordezkariak. Herenegun ukan bilkuran adostutakoari segi, martxoko herri hauteskundeak pasatu ondoren lotuko zaizkio berriz gaiari. Bitartean, 2014-2020 urteentzako lurralde hitzarmena marrazten ariko dira. «Lurralde hitzarmen kausitua lortzeko eta Euskal Herriaren gerorako antolaketaz gogoetatzeko elkarrizketak segi dezake», azaldu dute Jean-Jacques Lasserrek eta Jean-Baptiste Etxetok, Hautetsien Kontseiluko presidentea eta Garapen Kontseiluko presidentea hurrenez hurren. Baikorki baloratzen dute, beraz, Parisen ukandako bilkura. Funtsean «biziki ongi» joan zela zioen bileratik aterata Lasserrek BERRIAri.

Lurralde elkargoa aipaturik

Lurralde elkargoaren aldarriaren berri ere eman zioten Yvini. Ipar Euskal Herriak dituen gobernatze tresnak «eskasegiak» direla ohartarazirik, eragile politiko, sozial eta ekonomikoen gehiengoa egitura instituzional horren alde dela azaldu zioten. Frantziako Gobernuaren joeraren berri ere eman zioten: «Adierazpen mingarriak», «elkarrizketarik eza» eta «erantzun argi baten falta». Aholkulariaren erantzuna zein izan den, haatik, ez dute zehaztu nahi izan Lasserrek eta Etxetok.

Eztabaida instituzionalak segitu bitartean, lurralde hitzarmenari lotuko zaizkio. Puntu batean ados agertu dira bi aldeak: bai gobernuak, bai Hautetsien Kontseiluak zein Garapen Kontseiluak, biek dute hitzarmen on eta egoki bat lortu nahi. Lasserrek argiki azaldu zion Yvini, «mamitsua» izateaz gain, hitzarmenak Ipar Euskal Herriaren berezitasunak kontuan hartu beharko dituela. Besteak beste, hizkuntza, kultura, laborantza, etxebizitza, goi mailako irakaskuntza eta mugikortasuna aipatu zizkioten kontuan hartu beharrekoen artean.

Udaberrian argituko da hitzarmenerako aurrekontua. Europatik jaso diru funtsak ere orduan zehaztuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.