Koronabirusa

Ipar Euskal Herrian malguagoa izanen da itxialdiaren arintzea

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Maiatzaren 11tik goiti itxialdia «pausoka» arinduko dela iragarri zuen Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak joan den asteartean. Hala, kutsatu gutxien dauden lekuetan «malguagoak» izanen dira arauak. Hiru koloretan zatitu dute Frantziako Estatua, berdetik gorrira, kutsatu kopuruen arabera —mapa eguneratuko dute hilaren 11 arte—. Ipar Euskal Herria berdez agerrarazi dute oraingoz, eta, horrela iraungo balu, toki publiko gehiago irekitzeko aukera izanen lukete herriko etxeek.

Martxoaren 17an sartu zen Ipar Euskal Herrian itxialdia, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aginduen ondorioz. Ibiltzeko eskubideak murriztu ziren orduan, baina Hego Euskal Herrian baino malguagoak izan dira arauak. Karrikara ateratzeko, ziurtagiri bat izenpetu behar dute herritar guztiek, «baleko arrazoiengatik» ateratzen direla segurtatzeko.

Eskolak bai, ostatuak ez

Lanak, erosketek, osasun arrazoiek, familiako betebeharrek, laguntzak edo justizia arrazoiek osatzen dute «balizko arrazoien» zerrenda. Baina, horiez gain, Hego Euskal Herrian ez bezala, etxetik kilometro baterako tartean eta ordu batez kirola edo ibilbide bat egiteko aukera ematen du ziurtagiriak. Haurrak ere karrikara ateratzen ahal dira egunero gurasoekin. Bestalde, Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko muga pasatzeko agiri berezi bat erakutsi behar izan dute herritarrek, alde batera zein bestera pasatzeko.

11tik goiti, ziurtagiria ez da beharrezkoa izango 100 kilometrotik beherako distantzian. Eskolez gain, saltoki gehienak irekiko dituzte, baina ostatu eta kafetegiak hetsirik atxikiko dituzte, oraingoz. 5.000 pertsona baino gehiagoko kultur ekitaldiak debekatu egin dituzte irailera arte.

Itxialdiaren arintzean birusaren hedapena oztopatzeko, test azkarrak ugaritzea hitzeman du Frantziako Gobernuak: astero 700.000 proba egin nahi dituzte, maiatzaren 11tik hasita. Bestalde, segurtatu dute oihalezko maskaraz hornituko dituztela herritarrak, garraio publikoetan beharrezkoak izanen direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.