Ipar Euskal Herrian Macron babestu dute hiru bozkatzailetik batek

Melenchonek bigarren lekua lortu du. Eskuin muturraren alde egin dute guztira 44.823 hauteslek. Abstentzioa %22koa izan da. → Herriz herrizko emaitzen mapa interaktiboa, albistearen barruan.

Bozka bulego bat, atzo arratsean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko apirilaren 11
16:05
Entzun

Frantziako presidentetzarako bozketan parte hartu behar izan dute Ipar Euskal Herriko hautesleek ere. Atzo iragan zen bozen lehen itzulia, eta abstentzioa %22,3koa izan zen Ipar Euskal Herrian. Hala, 189.839 bozkatzailek eman dute bere boza hautetsontzietan. Emmanuel Macron (Errepublika Martxan) Frantziako orain arteko presidentea gailendu da Ipar Euskal Herrian ere. Bigarren lekura heldu da Jean-Luc Melenchon (Frantzia Intsumisoa) ezkerreko hautagaia. Barnealdean, Jean Lassalle Biarnoko diputatuak irabazi du herri gehienetan.

Zehazki, hauexek dira Ipar Euskal Herrian hautagaiek lortu dituzten bozak, ehunekotan. Macronek bozen %28,7 bildu ditu; Melenchonek, bozen %18,3. Hirugarren lekuan da Marine Le Pen (%15,7), laugarrenean Jean Lassale (%11,6). Eric Zemmourrek bozen %6,9 lortu ditu; Yannick Jadotek %5,6 eta Valerie Pecressek %4,9. Ondotik sailkatu dira Fabien Roussel (%2,5), Anne Hidalgo (%2,0), Philippe Poutou (%1,9), Nicolas Dupont-Aignan (%1,4), eta Nathalie Arthaud (%0,4).

Lapurdin, Macron jalgi da lehen postuan: herri gehienetan irabazi du. Baionan, erraterako, 6.732 boz lortu ditu (%19,72). Bigarren lekuan da Melenchon (%17,62), eta hirugarrenean Le Pen (%11,42). Zemmourrek 1.777 boto eskuratu ditu Lapurdiko hiriburuan (%5,20); Jadotek, 1.656 (%4,85); eta Lassallek, 1,600 boto (%4,69).

Usaian, Errepublikanoen alde egiten dute Miarritzeko (lapurdi) bozkatzaileek. 2017an, kasurako, François Fillon hautagaia gailendu zen. Aurten, ordea, Macronek 5.875 boz eskuratu ditu, (%25,59) eta Melenchonek, 2.789 boto (%12,15). Le Penek, 1.971 boto (%8,59); Zemmourrek, 1.607 boto (%7,00). Errepublikanoetako hautagai Pecressek, berriz, 1.200 boto (%5,23) baizik ez ditu eskuratu.

Macronen nagusitasuna Hendaian hautsi da: Melenchon izan da lehena, 1.706 botorekin (%25,45). Macronek 1.671 boto eskuratu ditu (%24,93) bigarren lekuan sailkatuz. Le Penek, 1.081 boto (%16,13); Lassallek, 491 (%7,33), eta Zemourrek, 417 (%6,22). Biriatun (Lapurdi) ere lehen lekua erdietsi du Frantzia Intsumisoko hautagaiak, baita Lekuinen (Lapurdi), Arrosan, Duzunaritzen, Izpuran, eta Izturitzen (Nafarroa Beherea) ere. Zuberoan, sei herritan gailendu da. Eskuin muturreko hiru hautagaien batuketa eginez, ordea, bigarren indarra dira Le Pen, Zemmour eta Dupont-Aignan. Iparraldeko 44.823 bozkatzailek egin dute horietako baten alde.

Barnealdean, Lassalle

Bozen %11,6 erdietsi ditu Jean Lassalle Biarnoko diputatuak Ipar Euskal Herrian. Frantziako emaitzekin alderatuz gero, aise babes zabalagoa lortu du Iparraldean, Frantziako bozkatzaileen %3,3k egin baitute haren alde. Barnealdean, herri anitzetan lortu du lehen postua: Alduden, Bankan eta Urepelen (Nafarroa Beherea), Lekornen, Heletan (Nafarroa Beherea) eta Urdiñarben (Zuberoa), besteak beste.

Hautagaitza aurkezteko beharrezkoa zuen sostengua ere lortu zuen Ipar Euskal Herrian Lassallek. Izan ere, Iparraldeko hamabost hautetsik beren sostengua helarazi zioten Lassalleri, hautagaitza ofizialki aurkezteko — 500 hautetsiren izenpeak beharrezko zituzten hautagai guztiek—. Hala, Iparraldean Poutouk eta Lassallek lortu zituzten izenpe gehienak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.