Etxebizitza

Ipar Euskal Herrian etxegabetze ugari egiten direla salatu du Aldak

Etxejabeak bizitegia berreskuratu edo saldu nahi duelako, alokairu kontratua eteten diete urtero herritar andanari, eta aterabiderik gabe gelditzen dira. Neurriak hartzeko eskatu dio Aldak Frantziako Estatuko administrazioari.

Karine Lauga, Alda-ko kideekin batera bere bizitegi ohiaren aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko martxoaren 14a
12:54
Entzun

2019. urtean, 302 prozedura izan ziren Baionako Auzitegian alokairua eten ondotik bizitegia utzi ez zuten maizterren kontra. «Horiek dira auzitara iritsi diren kasuak, baina kanporatze agindua jasotzen duten anitzek besterik gabe uzten dute bizitegia», esplikatu du Xebax Christy Alda-ko bozeramaileak. Azken bi urteetan, astero jasotzen dituzte halako egoera baten biktima diren herritarrak. Batzuetan, kanporatze agindua bertan behera uztea lortzen dute, eta beste batzuetan beste bizitegi bat lortzen laguntzen dituzte «ahal bezain fite eta baldintzarik onenetan». Aldaren iritziz, Ipar Euskal Herriko etxebizitza krisiaren erakusgarri da fenomenoa.

Ekintza egin dute astearte goiz honetan Baiona iparraldeko langile auzo batean. Zinta zuri eta gorri batekin inguratu dituzte eraikin guziak, 302 pertsonaren kanporatzea bizitegika irudikatuko balitz har lezakeen dimentsioa erakusteko. «Salmentarako kanporatzeak zinezko Damoklesen ezpatak dira Ipar Euskal Herriko parke pribatuan alokairu bat duten herritarrentzat. Isilpean emendatzen ari den fenomeno bat da». Baionako Auzitegiko datua Frantziako Estatuko hiri nagusi batzuetakoarekin alderatu dute: Paris kontuan hartu gabe Frantziako bost hiri nagusietako prozedura kopurua batu ezkero, Baionakoak baino gutxiago dira.

Karine Laugaren adibidea eman dute. Haurtzaina da lanbidez, eta auzo horretako bizitegi bat alokatzen zuen 2021eko udaberrira arte. Bere lan lekua ere bazen, zaintzen zituen haurrak bere etxean hartzen baitzituen. Baina kanporatze agindua eskuratu zuen, etxejabeak bizitegia saltzea erabaki zuelako. Erosteko aukera bazuen, baina 240.000 euro eskatzen zizkioten; gehiegizkoa bere irabazientzat. Baina beste bizitegi bat atzematea ere kasik ezinezkoa zitzaion, agentzia ia guziek alokairuaren prezioa baino hiru aldiz lansari handiagoa eskatzen baitute gaur egun.

Kanporatze data hurbiltzear zela, Aldarengana jo zuen, eta mugimenduak agentziari egindako presioari esker, Laugak beste bizitegi bat atzeman bitartean kanporatze agindua etetea lortu zuten. Gaur egun, beste bizitegi bat lortua du Laugak. Aitzineko bizitegia Paris inguruko bikote bati saldu zion etxejabeak, eta gaur egun bigarren etxebizitza bat da. «Ez da itsas bazterrean gertatu: Baiona iparraldeko langile auzo batean gertatu da. Horrek erakusten digu denen arazoa dela: betidanik bizi izan garen auzo edo herritik kanporatuak izan gaitezke, gure lanetik eta eguneroko jardueretatik urrun, eta alokairu garestiagoarekin». Hainbat etxejabek alokairua eteteko iruzurra egiten dutela ere salatu izan du Aldak azken asteetan.

Zazpi proposamen

Salmentarako edo berreskuratzeko kanporatze baten biktima izan diren hainbat herritar kolektiboan bildu ditu Aldak, eta Pirinio Atlantikoetako prefekturak Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren egoera aztertzeko sortu duen gidaritza batzordeari idatzi diote arazoaz jabetu daitezen. Zenbait proposamen plazaratu ditu Aldak; horietan lehena, kanporatze agindu bakoitza administrazioari jakinaraztea baliozkoa izan dadin. Zenbat kanporatze dauden neurtzeko balioko lukeela uste dute. Halaber, etxebizitzen tentsio eremuan kanporatze horiek mugatzeko neurriak hartzeko eskatu dute, hala nola kanporatze epeak luzatzea.

Horrez gain, bizitegi sozialen kopurua emendatu behar dela uste du Aldak, eta beharrezkotzat jo du horietako batzuk kanporatzeen biktima direnentzat atxikitzea. Pertsonarik zaurgarrienek kanporatze arriskuaren aitzinean babes handiagoa izan beharko luketela ere uste du. Bestalde, bizitegi berri bat atzematea ez litzateke maizterraren esku bakarrik izan behar Aldaren ustez: haren iritziz, etxejabeek, agentziek eta botere publikoek ere erantzun beharko lukete.

Azkenik, Aldaren ustez, salmentarako kanporatzeak debekatu beharko lirateke bizitegia bigarren etxebizitza bilakatzeko asmoz eginak badira. Horrez gain, iruzurrezko alokairu eteteak zaintzeko ere eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.