Ibaitik itsasora, Palestina libre lelopean elkartu da ehunka jende egun, Palestina Aske egunean, Makean (Lapurdi). Lehenbiziko aldia da hein horretako ekitaldi bat antolatzen dutena Ipar Euskal Herrian, Palestinaren alde. «Garrantzitsua da gure sostengua erakustea Palestinako populu eta erresistentziari», erran du Amaia Arbeletxek, egunaren antolatzaileetarik batek: «75 urte baino gehiago egiten baitu kolonizatuak direla, eta duela urte bat genozidio bat bilakatu baita, argiki».
Euskal Herritik sostengua erakusteaz harago, azaldu du inportantea zaiela ere «hemendik» salatzea han gertatzen dena, «Mendebaldeko estatuen laguntzari esker eramaten baitu Israelek» sarraskia; enpresa handiek ekartzen dioten laguntza eta arma salmenta aipatu ditu adibide gisa.
Ekitaldiaren etekin ekonomikoak preso palestinarrentzat izanen dira. «Addameer elkarteari joanen zaio, zeinak hango presoei laguntza juridikoa ematen baitie, familiak laguntzen... Denak ados ginen preso politikoei igortzeko».
Egunak informazio iturri izateko xedea ere badu, «han gertatzen denari buruz zuzen-zuzenean bizi dutenen behatuz». Hain zuzen, goizeko lehen hitzaldian Mays Quaisiren lekukotasuna ukan dute: palestinar erbesteratua da, gaur egun familiarekin Pauen (Okzitania) bizi dena; harekin batean, Urgence Palestine kolektiboko Omar Alsoumi eta UJFP Bakearen Aldeko Frantziako Juduen Batasuneko Gerladine Hornberg mintzatu dira testuinguru historikoaz eta gaur egungo egoeraz. 200 bat entzule izan dituzte. Arbeletxek azaldu duenez, antolaketa bilkuretako hausnarketetatik argi atera zen «hedabide hedatuenek», globalek, «ez dutela han gertatzen denaren oihartzun zuzena ematen». Hain zuzen, hitzaldi denboran «palestinarrek erresistentziarako duten eskubidea» aldarrikatu dute hizlariak, zehaztuz ez dela ahantzi behar Israel dela «estatu okupatzailea».
«Garrantzitsua da gure sostengua erakustea Palestinako populu eta erresistentziari; 75 urte baino gehiago egiten baitu kolonizatuak direla, eta duela urte bat genozidio bat bilakatu baita, argiki»
AMAIA ARBELETXEIparraldea Palestinarekin sareko kidea
Bazkalondoan beste zenbait tailer ere abiatu dira laborantzari, zuriketa arrosari, armamentuari eta erresistentziari buruz, betiere Palestinako populuarekin eta hango gatazkarekin loturik. Gaur gauean, berriz, 20:00etatik goiti, kontzertuen aldia izanen da: Ramzi Aburedwan et L'ensemble Dal'Oun eta El Far3si talde palestinarrak arituko dira lehenik, eta Xiberrots, Mairu, Spartak Dementziala eta Atzarbale ondotik.
Euskal Herria saretuz
Ipar Euskal Herrian lau talde nagusik militatzen dute Palestinaren askapenaren alde: Zuberoakoa, aspalditik martxan dena, Nafarroa Beherekoa eta Lapurdiko beste bi; azken hirurak 2023ko urriaren 7aren ondotik sortu ziren. Bakoitzak ekitaldiak bere aldetik antolatu ondoan, joan den ekainean bildu ziren denak lehenbizi, «militanteen artean saretzeko, informatzeko eta Palestinaren aldeko ekitaldi handiago baten antolatzeko» xedez.
Saretzea, hain zuzen, egunaren gakoetarik bat da. Ipar Euskal Herriko militanteen artean ez ezik, beste ingurutakoekin ere: «Hego Euskal Herritik eta Frantziatik kolektibo batzuk baziren goizeko merkatuan», adibidez. Eta antolatzaileek erran dute egungo egunetik landa ere aitzina segitzeko asmoa dutela Palestinaren aldeko saretze horren bidean.