Herri elkargoen berrantolaketak eztabaida ugari piztu ditu Ipar Euskal Herriko herri, hautetsi eta eragileen artean. Hala nola prefetak bultzaturiko erreforma honek eskumen aldetik ez bada ere, politikoki aldaketa nabarmenak suposatzen ditu. Ipar Euskal Herria eta instituzioen inguruan klase politikoaren errealitatea neurtu ahal izan da.
Prefetaren proposamena
Herri Elkargoen inguruko berrantolaketari buruz apirilaren 27an prefetak aurkeztu proiektua eztabaidatzeko epea ostegunean bukatu zitzaien herri zein herri elkargo ezberdinei. Saio hauetatik herri elkargo bakoitzak bere iritzia eman ahal izan du, ondoren Herri elkargoen arteko Kooperaziorako batzorde departamentalean aztertuak izango direnak. Batzorde horrek prefetari emendakinak aurkezteko lau hilabete izango ditu. Horretarako Euskal Herriko, Biarnoko eta Landetako 47 hautetsiz osaturiko batzordearen 2/3-en baiezkoa lortu beharko du emendakinak.
Estatuko ordezkariaren planak, Lapurdiren kasuan Euskal Kosta-Aturri, Errobi-Aturri, Errobi herri elkargoak eta Arbona herriak bat egitea proposatzen zuen. Baxe Nafarroarentzat prefetak, Bidaxuneko herri elkargoa aparteBaxe Nafarro osoa bilduko lukeen herri elkargoa du helburu. Xiberuaren kasuan, probintzia osoa barneratuko lukeen herri elkargoa izatea aurreikusten da baita ere Lichos Biarnoko herria.
Euskaldunak etaLandak
Euskal-Kosta Aturri elkargoak, Ipar Euskal Herriko handienak bere eremua Landetara zabaldu nahi duela bozkatu du. Txosten ofizialaren arabera, «Pirinio Atlantikoetako departamendutik haratago eguneroko bizi eremuaren errealitatea kontuan hartuz Seignanx (Landak) herri elkargoak nahi izanez gero bere lekua hartzen ahal du». Seignanx-eko herri elkargoko lehendakariaren hitzetan «gu ez gaitu batere interesatzen, gu Landatarrak gara eta lurralde koherentea dugu». Bilkuran Max Brissonen (UMP) ordez etorria zen Frederic Domege hautetsiak esan zuenez, «Landekin bateraezina dira arrazoi historiko, kultural eta identitarioengatik». Martin Bisauta eta Michel Poueyts hautetsiak «lurraldearen desorekaren arriskuaz» aritu ziren. Hala ere prefetari aurkeztuko zaion testuak Landei irekidura proposatzen du 28 boto alde izan zituelako, 4 abstentzio eta bat aurka.
Demokrazia eskasa
Herrietan eraman diren eztabaidetan, prefetaren egiteko jokamoldeaz eta prozeduraren demokrazia eskasaz aritu dira frango. Hauen artean Jean Michel Galant Garaziko herri elkargoko lehendakaria. Honen hitzetan «eztabaidatu duguna ez zen prefetaren lehen asmoa, hori hiruren artean erabaki dute; Barthelemy Agerre, Lucien Delgue eta Jean-Baptiste Lamberten artean». Bere hitzetan «hauek ez dute dudatu Herri elkargoen arteko Kooperaziorako batzorde departamental antidemokratiko honen berritzea». Beraien proposamena «apirilaren 27an aurkeztudute beste argumenturik eman gabe». «Eskatu zaiguna hiru hautetsik egindako proposamen bati bai ala ez erantzutea izan da. Baina ez da oinarriak adierazitako nahikeri bat! Ez nuen inoiz ezer entzun horren inguruan!». Giro honetan Garazi-Baigorriko herri elkargoaren bilkura iskanbilatsua izan zen. Lehendakariak testu bat aurkeztu zuen prefetari eztabaidatzeko denbora gehiago eskatuz. Honen aurrean bozketa baino lehen 47 hautetsietaik 22 atera ziren gelatik. 30 herriren gain 17 prefetaren proposamenaren aurka zirela dio Galant-k. Beste 13alde zirelarik. Baina alde zirenek dute herri elkargoan ordezkaritza gehien, beraz «bai ala ez bozkatu bagenu baietza aterako zen herri gehienen oposizioa ezabatuz» argudiatu du Galant-k. Garazi-Baigorriko herri elkargoan krisi berri bat da beraz.
Miarritzeko herriko etxean ere demokrazia eskasaren oihartzuna entzun da. Hala nola Biarritz Citoyen Solidaire oposizioko alderdiak jakiterat eman du «Didier Borotra Miarritzeko alkateak errefusatzen du eztabaidarako kontseilu munizipal bat egotea». Are gehiago «honen inguruan hitz egiteko, auzapezarengana hurbildu diren hautetsiak ez dira errezibituak izan». Borotra Miarritzeko (Lapurdi) auzapezak argudiatu duenez «hau prefetari zuzenduriko mezu bat da». Bere hitzetan «prefetak nahi du herri elkargoak batuz hauek dituzten eskumenak haiengan hartzea, baina legeak dio herriek emandako eskumenak soilik izaten ahal dituela». Galdera honen inguruan «jarrera argitzea» eskatu dio prefetari.
Bidarteko herrian Hobeki oposizioko taldearen izenean Pierre Espilondok adierazi du «orokorrean baiezkoa ematen diot, baina prefetaren metodo teknokraten aurrean protestatu nahi dut. Ez da aurre kontsultarik izan, honek arazo bat pausatzen dit».
Baionan iragan eztabaidan berrantolaketaren baieztatzeko Mathieu Berge Bayonne Ensemble ezkertiar oposizioko kidea harritu egin da «prefekturari emandako botere izugarriaz». Gehiengoan ere Jean-Rene Etxegarai-k«egutegi prefektoralaren bortitzkeria» azpimarratu du. Eztabaidatzeko lau hilabeteko epea motz geratzen da jakinez adibidez Euskal Kosta-Aturri herri elkargoan Bokale eta Bidarteren sartzeak hiru urte iraun zituela.
Nafarroa Beherea
Orokorrean eraman diren eztabaida guzietan baiezkoa nagusitu da. Baina bakoitzak gehitu ditu bere baldintza eta dudak. Baldintzarik zorrotzenak Nafarro Beherean kokatzen dira. Hala nola Amikuzeko herri elkargoan baiezkoa nagusitu bada ere, 41 alde 4 aurka eta 6 abstentzio, hautetsiek baldintza bat jarri dute eta da Bastida herria ez sartzea herri elkargo handi horretan. Haien iritziz «bizi eremuak urrunegiak» dituztelako batak bestearekin. Iholdi-Oztibarreko kasuan ere, Bastidari buruzko kezkak adierazi dituzte.
Funtsezko eztabaida
Aldaketa hauen aurrean instituzio espezifiko bat galdegiten dutenek erantzun zioten proiketuari. Hala nola Bateraren ustetan prefetak «ez dio erantzun benetako eztabaidari». Are gehiago, «ez du Ipar Euskal Herriari zuzenduriko inolako proposamenik egin» eta hori «gaitzetsi» zuten. Prefetak bere proposamenean Ipar Euskal Herriaren «mugak» errespetatu izana ontzat jo zuten, hauen ustez «azken hamar urte hauetan pays egiturarekin frogatua izan den dinamika bat» badelako.
Ttotte Etxebestek Autonomia Eraikiren izenean adierazi duenez, «beti bezala Frantziak suprefetaren bidez ukapena inposatu nahi du, hemengo biztanleriaren iritziaren gehiengoaren aurka. Inoiz baino gehiago, lurralde historikoaren araberako kuadro instituzionala behar dugu».
Ipar Euskal Herria. Herri elkargoen berrantolaketa
Ipar Euskal Herria, eztabaida instituzional betean
Prefetak herriei eta herri elkargoei eztabaidatzeko hiru hilabete eman dizkie; haien hitza iritzi soil gisa geratuko daLapurdiko herri elkargorik handienak Landetara ireki nahi du bere eremua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu