Edouard Philippe Frantziako lehen ministroaren arabera, lehen fasea «espero baino hobeto igaro da». Esplikatu du espero zuten baino kutsatu gutxiago izan dela. Eta, hala, Ipar Euskal Herria deskonfinamenduko bigarren fasean sartuko da ekainaren 2tik aitzina. Atzo iragarri zituen Philippek bigarren faseko irizpideak. Ostatuak eta jatetxeak irekitzen ahalko dituzte ekainaren 2tik aitzina. Hala ere, langileek maskara erabili beharko dute, eta bezeroek ere bai, ostatu barnean mugituko direlarik. Jatetxeetan, ez dute onartuko hamar lagun baino gehiagoko mahairik, eta mahaien artean metro bateko distantzia errespetatu beharko dute. Aldiz, ostatu barnean zutik kontsumitzea debekatu dute.
Hezkuntza arloan, lehen mailako ikastetxe guztiak irekiko dituzte. Kolegioetan, laugarren eta hirugarren mailak sartzen ahalko dira datorren astetik aitzina. Lizeoak ere irekiko dituzte, eta ikastetxe bakoitza «tokian tokiko egoerari» egokitu beharko zaio. Leheneko frantsesezko ahozko azterketa bertan behera uztea erabaki du Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak. Hotelak eta aterpetxe turistikoak ere irekiko dituzte data horretatik aitzina.
Bestalde, kiroldegiak, jostalekuak, parkeak eta antzerki gelak ere irekiko dituzte. Zinemak, berriz, ez dituzte zabalduko ekainaren 22ra arte. Egun horretatik aitzina, kanpoan egiten diren ekitaldi handiak baimentzeko asmoa daukate, baina ezingo dira 5.000 lagun baino gehiago bildu. Diskotekak, kirol kolektiboak, hipodromoak eta kirol zelaiak hetsirik atxikiko dituzte, oraingoz. Oro har, irekiko dituzten gune guztietan segurtasun neurri zorrotzak errespetatzeko eskatu du Philippek.
Orain arte, Iparraldeko herritarrek ezin zuten 100 kilometro baino urrunagoko joan-etorririk egin, «baleko arrazoirik» gabe. Ekainaren 2tik aitzina, «libreki» ibiltzen ahalko dira Frantziaren menpe dauden lurraldeetan. Philipperen arabera, baliteke Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko muga ekainaren 15ean irekitzea.
Hondartzak ere ekainaren 2tik aitzina irekiko dituzte Ipar Euskal Herrian. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak bilkura egin zuen atzo goizean Lapurdi kostaldeko auzapezekin, hondartzen irekiera aipatzeko. Orain arteko balorazioa baikorra izan dela adierazi zuen, nahiz eta kudeaketa «lan handia» eskatu duen. Spitz: «Asteburu honetan horrela segituko dugu, eta Frantziako Gobernuak adierazten duenaren arabera ikusiko dugu heldu den asterako nola egokitu».
Neurri horiek guztiak arrisku epidemikoaren mapan berdez dauden departamenduetan aplikatuko dituzte. Gorriz direnetan, berriz, ez. Izan ere, Frantziaren menpe diren hiru lurraldek segitzen dute zona gorrian: Ile-de-France, Mayotte eta Guyane. Hiru lurralde horietan, lehen fasea luzatuko dute gutxienez ekainaren 22ra arte. Hirugarren fasea «egoera sanitarioaren arabera», ekainaren 22an hasten ahalko litzateke.
Bestalde, StopCovid aplikazioa baimentzea erabaki du Frantziak. Eztabaida sortu zuen Frantziako Asanblea Nazionalean, eta Philippek segurtatu du erabilera hautuzkoa izanen dela eta datu pertsonalak eta geolokalizazioa ez dituela gordeko.
Koronabirusa
Ipar Euskal Herria bigarren fasean sartuko da ekainaren 2tik aitzina
Ostatuak zabalduko dituzte, baina neurri zorrotzak errespetatzeko baldintzarekin. Hirugarren fasea ekainaren 22an hastea espero dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu