«Ipar Euskadira» bisitan

Euzkadi Buru Batzarrak Lapurdin egin du bere ohiko bilera. Ipar Euskal Herriko laborantzaren errealitatea ezagutu, eta alderdia izaten ari den garapena goraipatu dute

(ID_13437502) (Guillaume Fauveau) EAJ EBBren etxaldearen bisita, Itsasu, 2023ko abenduaren 18an
EAJko Euzkadi Buru Batzarra, etxaldeko mozkinak dastatzen. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Itsasu
2023ko abenduaren 18a
18:20
Entzun

«Nor dira hauek guziak? Laborariak dira?». Itsasuko (Lapurdi) Amestoya etxaldean denek ez zuten biziki argi bisita egitera etorriak zirenak nondik heldu ziren. Astelehen eguerdian, etxeko mozkinekin prestatutako jakiek betea zuten mahai gaina: Kintoko txerriaren urdaikiak, bere forma guzietan, ardo onarekin lagundurik. Alde batean, emakumezkoak eseri dira: Itxaso Atutxa, Maria Eugenia Arrizabalaga, Mireia Zarate eta Ana Esther Furundarena. Bestea aldean, gizonezkoak: Jose Antonio Suso, Andoni Ortuzar, Peio Etxeleku, Joseba Egibar eta Xabier Barandiararan. 

Etxeleku EAJko Ipar Buru Batzarreko arduradunak eman dizkio behar zuen erantzuna eta azalpena etxeko andereari, Euzkadi Buru Batzarraren aurkezpena eginez. «Normalean ni noa Bilbora, baina gaur haiek etorri dira Lapurdira». Gogora ekarri dute orain dela bospasei urte etorri zirela azken aldiz. Jeltzaleen zuzendaritza astelehenero bildu ohi da Sabin Etxean; gaur, egun-pasa antolatua zuten «Ipar Euskadin», aspaldiko partez. Nafarrak ezin izan dira etorri; gipuzkoarrak berandu iritsi dira, errepidean galduta ibili ondotik. Itsasuko harrian omenaldia, bilkura eta Miarritzeko EAJko biltzarraren aurkezpena zituzten programan. 

11:00 alderako iritsi da auto lerroa Darquy familiaren etxaldeko eraikin artera. Bisitaren gidari, eta batzuetan itzultzaile, Etxelekuk eman ditu azalpen nagusiak: «Behi esnean, Itsasun gelditzen den azkena da», azpimarratu du behi tropa aitzinean. «Familian daukagu, ezagutzen dut», Ortuzarrek; eta berehala galdera: «Zenbat behi? Zer ekoizpen?». Ehun behi ditu Daniel Darquyk, erdiak esnetarako. Handik piperrak erakustera eraman dituzte, eta lehortze prozesua nolakoa izaten den esplikatu. «Urregorria», Etxelekuren hitzetan: «hektarea bakoitzeko xanpainak baino gehiago ematen du». Batzuek txokolateari nahasten diote, besteek garagardoari; Etxelekuren enpresak gasnak ere egiten ditu: «Oso goxoa da aperitifetarako», saldu du. Hegoaldean ez dutela ikusi ohartarazi diote alderdi kideek: «Oraindik badaukagu margen de progreso». Euskal txerri hazkuntza erakutsi diete ondoren; jatorri izenarekin Ipar Euskal Herrian sei-zazpi mila txerri hazten direla zehaztu du Etxelekuk. Atutxa: «Horrekin ezin da ezer egin». Berak kudeatzen dituen enpresetan 35.000 dituela esplikatu du Etxelekuk: «Eta txikia naiz».

Sukaldeko mahaiaren inguruan taldea osatua egon arte itxaron du Etxelekuk eguneko mezua zabaltzeko: «Nahi genuen gure presentziaren bidez erakutsi zer garrantzia duen laborantzak, bereziki Lapurdi barnealdean». Lurraren gaineko espekulazioak sortzen duen «mehatxua» aipatu du. «Gero eta gatazka gehiago bada arlo horretan». Hazkuntza saila atxikitzearen garrantzia aipatu du «elikadura autonomia» helburu hartuta, eta eredutzat eman du Amestoya etxaldearen askotariko ekoizpena: ardi, behi, txerri eta behor haragia, behi esnea eta Ezpeletako piperra ekoizten ditu. «Lehen, Danone enpresarentzat ari ginen lanean. Erraten ziguten ekoizpen bakarra egin behar zela, eta hura ongi. Gero kanpoan utzi gintuzten, ez genuelako haiekin kontraturik nahi». Orain, Etxelekuren Agour enpresari saltzen dio behi esnea. 

«Gora Euskadi askatuta»

Politikaz aritzeko parada ere izan dute jeltzaleek. Etxelekuren bultzadaz kasik bikoiztu egin dute kide kopurua azken urteetan: 120 kide dira orain, eta hogei hautetsi inguru. «Anbizioarekin» ari direla erran du IBBko buruak, inguruan «alderdizale» bat baino gehiago ere badutela azpimarratuta. Ortuzar: «Ipar Euskal Herrian politika beste era batera egiten da, notableak garrantzitsuak dira. Guretzat, alderdiak du garrantzia», zehaztu du. Baina Etxelekurekin egiten ari diren bidea goraipatu du: «Gure uztarria da». Euskal Hirigune Elkargoko gaiak «astero» aipatzen dituztela baieztatu du, barnealdearen eta kostaldearen arteko diferentzia deitoratuta, eta Jean Rene Etxegarai lehendakariarekin harremana «hobetu» daitekeela erran du: «Bere aldetik hobetu behar da». 

Etxaldea bisitatu ondotik, Itsasuko harrian elkartu dira jeltzaleak. Duela 60 urte, ekitaldia egin zuten han, Enbata mugimenduak antolatuta, eta Itsasuko Agiria argitaratu zuten, euskal nazioaren aldarrikapena eginez. Besteak beste, Julen Madariagak eta Ximun Haranek parte hartu zuten ekitaldian. Gertakari hark abertzaletasunaren pizkundean izan zuen garrantzia azpimarratu dute. Jelatzaleek lore sorta bat ezarri dute harriaren pean, Euzkadi Buru Batzarraren izenean. «Gora Euskadi askatuta»oihukatu, eta Gora ta gora kantatu dute, EAJren ereserkia. 

(ID_13437500) (Guillaume Fauveau) EAJ EBBren etxaldearen bisita, Itsasu, 2023ko abenduaren 18an
(ID_13437500) (Guillaume Fauveau) EAJko EBBren etxaldearen bisita, Itsasun, 2023ko abenduaren 18an.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.