Espainiako Gobernua

Ione Belarrak Espainiako Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministro kargua hartu du

Unidas Podemoseko politikari nafarrak Pablo Iglesiasen lekukoa hartuko du. 

Pablo Iglesias Ione Belarrari Espainiako Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministro kargua igarotzen. MARISCAL / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko martxoaren 31
12:37
Entzun

Hartu du Espainiako ministro kargua Ione Belarrak (Iruñea, 1987). Pablo Iglesias Unidas Podemoseko liderrak joan den martxoaren 15ean jakinarazi zuen gobernua utzi eta maiatzaren 4an egitekoak diren Madrilgo autonomia erkidegoko hauteskundeetarako hautagai izango dela. Iglesiasek berak gomendatu zuen Belarra kargurako, eta Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministroa izango da UPko kidea.

Gaur goizean egin du zin Espainiako Konstituzioaren gainean, Espainiako errege-erreginak bizi diren Zarzuela jauregian (Madril). Jarraian egin dute Iglesiasek ministroen lekukoa pasa dion ekitaldia. Belarrak Nadia Calviñorekin eta Yolanda Diazekin batera hartu du kargua; Calviño bigarren presidenteordea bilakatuko da, eta Diaz, hirugarrena. Azken aldietan ohikoa den moduan, Espainiako Konstituzioaren parean eta ikur erlijiosorik gabe egin dute zin.

Belarrak adierazi du Espainia «une historiko bat» bizitzen ari dela, eta etorkizunean izango dituen erronkak zehaztu ditu: «Gizartea eraldatu behar dugu zaintza, ekologia eta feminismoa erdigunean jartzeko».

Podemosen, hasieratik

Aurrerantzean lau euskal herritar egongo dira Espainiako Ministroen Kontseiluan: Belarra, Isabel Zelaa (Hezkuntza), Fernando Grande Marlaska (Barne) eta Arancha Gonzalez Laia (Atzerri). Belarra 2016ko urtarriletik da diputatua Espainiako Kongresuan, eta, behin PSOEk eta UPk koalizio gobernua osatuta, 2030erako Agendaren estatu idazkari izendatu zuten iazko urtarrilean.

Politikagintzan hasi aurretik, migrazio esperientziekin, generoarekin eta mugimendu sozialekin loturiko ikerketak egin zituen, eta, besteak beste, SOS Arrazakeriako eta Gurutze Gorriko boluntarioa izan zen. Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Psikologiako lizentzia lortu zuen 2012an, eta, hain zuzen, fakultate hartan ezagutu zuen Irene Montero, egun Berdintasun ministroa dena. Haien arteko harremana estua da; adinkideak dira ia —Montero urtebete gazteagoa da—, eta eskutik egin dute bidea politikagintzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.