ESPAINIAKO GOBERNUA

Ione Belarra, Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministro

Unidas Podemoseko politikari nafarrak Pablo Iglesiasen lekukoa hartuko du Espainiako Gobernuan

Ione Belarra. MARISCAL / EFE
Igor Susaeta.
2021eko martxoaren 16a
15:00
Entzun

Ione Belarra (Iruñea, 1987) izango da Espainiako Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministroa. Pablo Iglesiasen lekukoa hartuko du, horrenbestez, UP Unidas Podemoseko liderrak atzo iragarri baitzuen gobernua utzi eta maiatzaren 4an egitekoak diren Madrilgo autonomia erkidegoko hauteskundeetarako hautagai izango dela. Albiste agentziek Moncloako iturriak aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, ministroen kontseiluaren ondoren bilera bat egin dute Iglesiasek eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, eta baieztatu dituzte UPko idazkari nagusiaren mugimenduaren ondorioz biek adostutako aldaketak. Belarrarena da horietako bat. Beraz, harekin lau euskal herritar dira egotekoak Espainiako Ministroen Kontseiluan: Belarra, Isabel Zelaa (Hezkuntza), Fernando Grande Marlaska (Barne) eta Arancha Gonzalez Laia (Atzerri). Apirilaren 20an da Iglesias kargua uztekoa.

UPren idazkari nagusiak berak proposatu dio Sanchez presidenteari Belarra ministro izendatzea, azken urteotan bere konfiantzazko pertsonetako bat bilakatu baita. 2016ko urtarriletik da diputatua Espainiako Kongresuan, eta, behin PSOEk eta UPk koalizio gobernua osatuta, 2030erako Agendaren estatu idazkari izendatu zuten iazko urtarrilean.

Politikagintzan hasi aurretik, migrazio esperientziekin, generoarekin eta mugimendu sozialekin loturiko ikerketak egin zituen, eta, besteak beste, SOS Arrazakeriako eta Gurutze Gorriko boluntarioa izan zen, Madrilen. Hango Unibertsitate Autonomoan Psikologian lizentziatu zen 2012an, eta, hain zuzen, fakultate hartan ezagutu zuen Irene Montero egun Berdintasun ministroa dena. Haien arteko harremana estua da; adinkideak dira ia —Montero urtebete gazteagoa da—, eta eskutik egingo dute bidea politikagintzan.

Belarra Podemosen zuzendaritzako kide da hasiera-hasieratik, 2014ko udazkenetik. Hauteskunde primarioetan aukeratu zuten. 2016ko ekainean BERRIAri esan zionez, migratzaileen mugimenduen alde beste urrats bat egiteko sartu zen politikagintzan. «Orain arte, Espainiak dena eman die barrukoei, eta ezer ez kanpokoei. Hori aldatu behar dugu». Orduz geroztik, Espainiako Kongresurako egindako lau hauteskundeetan Nafarroako zerrendaburua izan da, eta beti aukeratu dute diputatu. 2018ko udan, Montero amatasun baimena hartuta zegoenez, Belarra izan zen Podemosen talde parlamentarioaren bozeramailea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.