Ione Belarra (Iruñea, 1987) da Podemoseko idazkari nagusi berria. Hala erabaki dute gaur alderdi moreko militanteek, eta Belarrak babes handia jaso du gainera: botoen %88,7 harentzat izan dira. Alderdia sortu zenetik karguan zen Pablo Iglesiasen lekukoa hartuko du Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministro denak.
Podemos 139.000 lagun inguru daude izen emanda, eta haietako 53.443k bozkatu dute; haietako 45.753, Belarraren alde. Gainontzeko hautagai guztiek boto gutxi eskuratu dituzte.
Bozketaren emaitzak jakindakoan hartu du hitza idazkari nagusi berriak. Podemos «ahalik eta hurrunen eramateko» ahal duen guztia egingo duela hitz eman du, eta alderdia inoiz baino gehiago sendotzearen alde hitz egin du, Espainiako hurrengo hauteskunde orokorretan «irabaztera irteteko».
Aro berria
Hortaz gain, esker hitzak zuzendu dizkio politika utzi duen Pablo Iglesiasi. Belarraren ustez, ein handi batean, Iglesiasek hautsi du Espainian zegoen bipartidismoa, eta hori behe behetik sortu zuten alderdi baten bidez: «Eskerrik asko, erakutsi diguzulako militante batek beharrezkoena den lekuan egon behar duela; eskerrik asko guregatik egin duzunagatik, baina batez ere herrialdeagatik egin duzunagatik». Alcorconen (Madril, Espainia) egin duten ekitaldiaren hasieran omenaldi bat egin diote Iglesiasi.
Dena den, Podemosentzat aro berri bat hasiko dela azpimarratu du Belarrak: hazi egin behar dutela esan du, eta indar nagusi izatera iritsi. Besteak beste alderdi feminizatu ere egin nahi du, eta horregatik bere hautagaitzako lehen sei karguetan sei emakume daude.