Ion Telleria eta Olatz Izagirre libre, bermea ordainduta

Frantziako Poliziak atxilotu zituen, iaz, eta preso egon dira Espainiaratu zituztenetik orain arte

Ion Telleria, artxiboko irudi batean. IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Ion Telleria eta Olatz Izagirre gazte independentistak aske utzi dituzte, bermea ordainarazita. 12.000 euro ordaindu behar izan ditu bakoitzak espetxetik ateratzeko. 2010ean atxilotu zituzten. Izagirre Brievako espetxean eduki dute preso, eta Telleria, Valdemoron. Biak ere Frantziako Poliziak atxilotu zituen, eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu eskaera baten ondorioz Espainiaratu zituzten. Ordutik egon dira preso.

2009ko azaroan Espainiako Auzitegi Nazionalak gazte independentisten kontra egindako polizia operazio handian saiatu ziren biak atxilotzen, baina haiek operazioari izkin egitea lortu zuten. Geroago atxilotu zituzten biak, Ipar Euskal Herrian. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi zuenez, biek ala biek bizitza erabat publiko eta normala egiten zuten atxilotu zituztenean.

Maiatzaren 6an atxilotu zuten Izagirre, Donibane Lohizunen. Carlos Renedo, Asier Coloma eta Gaizka Likona gazte independentistak ere egun berean atxilotu zituzten, euroagindu eskaera tarteko. Urnietarra da Izagirre, bilbotarra Renedo, lekeitiarra Likona eta donostiarra Coloma. Espetxeratu egin zituzten, eta Paueko Auzitegiak haiek Espainiaratzea erabaki ostean preso sartu. Izagirre espetxeratzeko agindua Fernando Grande-Marlaska epaileak eman zuen.

Telleria idiziabaldarra da, eta ekainaren 9an atxilotu zuten, Senpereko lakuaren inguruan. 2010eko ekainaren 10ean libre utzi zuen epaileak, kontrol neurri zorrotzak ezarrita. Euroaginduari buruzko epaiketa egin ostean Espainiaratu egin zuten, eta Fernando Andreu epailearen aurrean deklaratu ostean espetxeratu egin zuten. Info7 irratian aritzen zen, kazetari, eta arratsaldeko albistegia aurkezten zuen.

Gazte independentisten kontraegindako hainbat operaziotako bat izan zen Izagirre eta Telleria atxilotzen saiatu zirena. Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak 34 lagun atxilotu eta 92 miaketa egin zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.