EUSKAL PRESOAK

Ion Parot euskal presoaren baldintzapeko askatzearen alde bildu dira

Gaur ematekoa zuen Parisko Auzitegiak Paroten eskaeraren erantzuna, baina ez dute jakinarazi. Bakegileek «adi» egoteko eskatu dute, eta berretsi Ipar Euskal Herria blokatzeko prest daudela.

Elkarretaratzea suprefetura aitzinean. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko ekainaren 15a
20:06
Entzun

Gaurko espero zuten erantzuna, baina Parisko Auzitegiak ez du oraino jakinarazi zein erabaki hartu duen Ion Parot euskal presoaren baldintzapeko askatasunari buruz. Halere, haren baldintzapeko askatasuna galdetzeko dozenaka lagun bildu dira Baionako suprefeturan. Bake Bideko Anaiz Funosas bozeramaileak salatu du «denborarekin jolasten» ari direla. «32 urte preso daramatzan Ion Paroti erantzuna zor zioten».

Hala, Bakegileek «adi» egoteko eskatu diete herritarrei. Izan ere, ondoko orenetan espero dute erabakia. Funosasek iragarri du, erabakiaren arabera, Ipar Euskal Herria «blokeatzeko» prest daudela. «Parisko Auzitegiak ezezkoa ematen badu, edo, fiskalak enegarren aldiz helegitea ezartzen badu, berehala, antolatzen dugun blokatze eguna publiko eginen dugu», erran du. Beraz, espero daiteke bihar emanen dutela ekintzaren dataren berri.

Parotek baldintzapekoa eskatzen duen seigarren aldia da oraingoa. Parisko Auzitegiak haren galdea maiatzean aztertu zuen, baina Terrorismoaren Kontrako Parisko Auzitegian egindako auzi saioan, prokuradorea kontra agertu zen, berriz. Fiskalaren jarrera «etsigarritzat» jo zuen haren abokatuak orduan, «Ipar Euskal Herriko egoera nola aldatu den ikusirik».

Ion Kepa Parotek 32 urte daramatza preso, eta egun Mureteko kartzelan da (Okzitania, 425 kilometro). 72 urte bete berri ditu. Fiskalak, egindako auzi saioan, presoak haren baldintzapeko askatasuna lortzeko «goizegi» zela argudiatu zuen.

Esnalena, uztailean

Iragan astean, ekainaren 10an ematekoa zuten ere Jakes Esnal euskal presoaren baldintzako askatasun galdearen erantzuna. Hori ere atzeratu zuten: uztailaren 21era arte. Korapilatsua da Esnalen afera, eta prozedura luzatu da. Baldintzapeko askatasuna galdetu zuenean,CPMS Segurtasun Neurrien Diziplina Anitzeko Batzordearen iritzia ukan zuen, 2020ko urtarrilean. Baina auzi saioa egin zutenerako, «iraungia zen», haren abokatuak azaldu zuenez. Horrenbestez, epaileak batzordeari berriz eskatu dio presoaren «arrisku mailari» buruzko iritzia batzorde horri. «Ez dugu onartzen terrorismoaren kontrako logikak eskubideak alde batera uztea eta estatu mendekuak etengabe irautea», erran zuten orduan Bakegileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.