Atzo espero zuten erantzuna, baina Parisko Auzitegiak ez du oraino jakinarazi zein erabaki hartu duen Ion Parot euskal presoaren baldintzapeko askatasunari buruz. Halere, hura baldintzapean aske uztea galdetzeko dozenaka lagun bildu ziren atzo arratsaldean, Baionako suprefeturan. Bake Bideko Anaiz Funosas bozeramaileak salatu zuen «denborarekin jolasten» ari direla. «32 urte preso daramatzan Ion Paroti erantzuna zor zioten».
Hala, Bakegileek «adi» egoteko eskatu diete herritarrei. Izan ere, ondoko orenetan espero dute erabakia— edizio hau ixterako ez zuten auzitegiaren deliberoaren berri—. Funosasek iragarri zuen, erabakiaren arabera, Ipar Euskal Herria «blokeatzeko» prest daudela. «Parisko Auzitegiak ezezkoa ematen badu, edo, fiskalak hamaikagarren aldiz helegitea ezartzen badu, berehala antolatuko dugun blokeatze eguna jakinaraziko dugu», erran zuen. Beraz, espero daiteke gaur emanen dutela ekintzaren dataren berri.
Parotek baldintzapekoa eskatzen duen seigarren aldia da oraingoa. Parisko Auzitegiak haren galdea maiatzean aztertu zuen, baina Terrorismoaren Kontrako Parisko Auzitegian egindako auzi saioan, prokuradorea kontra agertu zen, berriz. Fiskalaren jarrera «etsigarritzat» jo zuen haren abokatuak orduan, «Ipar Euskal Herriko egoera nola aldatu den ikusirik».
Ion Kepa Parotek 32 urte daramatza preso, eta egun Mureteko kartzelan da (Okzitania, 425 kilometro). 72 urte bete berri ditu. Fiskalak, egindako auzi saioan, presoak haren baldintzapeko askatasuna lortzeko «goizegi» zela argudiatu zuen.
Esnalena, uztailean
Iragan astean, ekainaren 10ean ematekoa zuten ere Jakes Esnal euskal presoaren baldintzako askatasun galdearen erantzuna. Hori ere atzeratu zuten: uztailaren 21era arte. Korapilatsua da Esnalen afera, eta prozedura luzatu da. Baldintzapeko askatasuna galdetu zuenean,CPMS Segurtasun Neurrien Diziplina Anitzeko Batzordearen iritzia ukan zuen, 2020ko urtarrilean. Baina auzi saioa egin zutenerako, «iraungia zen», haren abokatuak azaldu zuenez. Horrenbestez, epaileak batzordeari berriz eskatu dio presoaren «arriskutsutasun mailari» buruzko iritzia batzorde horri. «Ez dugu onartzen terrorismoaren kontrako logikak eskubideak alde batera uztea eta estatu mendekuak etengabe irautea», erran zuten orduan Bakegileek.
Ion Parot euskal presoaren baldintzapeko askatzearen alde bildu dira
Atzo ematekoa zuen Parisko Auzitegiak Paroten eskaeraren erantzuna, baina ez dute jakinarazi. Bakegileek «adi» egoteko eskatu dute, eta berretsi Ipar Euskal Herria blokeatzeko prest daudela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu